Bost traineru joan ziren/ patroi banarekin/ Mutil bizkor bikainak/ guztiz onarekin/ Manuel Olaizola eta Loidirekin/ Uranga, Atxega ta/ Manterolarekin". Gure etxean beti ozen eta harrotasunez abestu izan dugu bertso hori, gure birramonaren, amona Dionisiren, osaba baitzen Olaizola. Hura bizi izan zen etxean jaio eta hazi zen gure amona Rita, plazako etxean, eta bere bizitzako azken urteak ere bertan pasatzea erabaki zuen, errio bazterrean.
Amarena familia arrantzalea izan da tradizioz, eta nire haurtzaroko oroitzapenetan ere oso presente izaten da arrantza mundua. Gogoan ditut aitonak irrati bidez etxera deitzen zuenean egiten zuen familiako txistu hots bereizgarria; sare artean pasatutako uneak; herrian zehar arrantzaleek sarea gurdian garraiatzeko zuten modua; sarea sotoan gordetzen zenean izaten zuen usaina… Haurrak garenean ez diegu garrantzirik ematen xehetasun txikiei, baina heldutan ohartu naiz galtzear den ondarearen parte zirela. Izan ere, gure etxean, herriko beste hainbatetan bezala, horiek denak haizeak eramanda moduan desagertu ziren pixkanaka, eta sentipena daukat duela sei urte gure amona Rita hil zenean eten zela arrantza munduarekin lotzen ninduen haria.
Balearen Egunaren bueltan antolatutako egitasmoek balio izan digute egunerokoan ahaztuta dugun herriaren izaera arrantzalea gogorarazteko. Hein batean, ipar orratzari begiratu eta nondik gatozen hausnartzeko ere bai, pentsatzen hasia bainaiz sare sozialen bidez konektatuta dagoen mundu zoro honetan, molde berekoak bihurtzen ari garela guztiok.
Dena dela, badira oraindik tokian tokiko bereizgarriak. Itsasoaren gogortasunak gure senideen izaeran eragin zuzena izan zuela nahiko argi daukat, gizon zein emakumeengan, eta iruditzen zait agian hein batean gugan ere geratzen dela oraindik horren aztarna txikia; herri arrantzaleetako biztanleok hitz egiteko dugun modu bizi-bizia, nerbiyua eta jarrera, oraindik ere presente daude kalean. Horiek denak ez dira kasualitatea, horiek ere itsasoak eman dizkigu.
Horrelakoetan, atzera begiratu eta garai bateko Orioz pentsatzen jartzean, ezinbestean, Orioko emakumeak etortzen zaizkit gogora. Haien ekarpena gutxietsi egin du historiak, baina ezin da Orioz hitz egin emakumeak aipatu gabe. Olaizola, Loidi, Uranga, Atxega, Manterola patroiek eta horiek gidatzen zituzten arrantzaleek harrapatu zuten balea, baina hori ez zen posible izango, bizitzan bidelagun zituzten emakumeen sostengurik gabe. Emakume indartsuak, langileak eta jenio bizikoak izan dira oriotarrak. Zer erremedio, familiako gizonak itsasoan ziren bitartean bakar-bakarrik eguneroko gorabeherei eta oztopoei aurre egitea tokatzen zitzaienean. Familiaren zutabea eta motorra izan dira; emozioak eta barruko minak alde batera utzita, seme-alaben zaintza eta etxeko zein soldatapeko lana uztartu behar izan zituzten, zeharka itsasoari begiratzen zioten bitartean. Bertsoetan aipamenik egin ez arren, arrantza munduko emakume guztiei aitorpena eginez:
"…gora oriyotarrak esan beldur gabe".