Ikasturtearen lehen hilabeteak nahiko kaotikoak izan diren arren, ordenagailu aurrean eseri eta idazten hastea terapia modukoa bihurtu da niretzat, buruari atseden emateko modua, alegia. Idazte hutsak lasaitu egiten nau. Lehen, lanbidetzat nuenean, ez nintzen horretaz jabetzen, baina orain askoz artikulu gutxiago idazten ditudanez, nire buruarekin konektatzen laguntzen didala ohartzen naiz. Izan ere, eguneroko zurrunbiloan sartuta, nor garen ahazten zaigu askotan, "izan behar genukeen" hori lortu nahian. Gizarteak bikaintasuna exijitzen digu aspektu guztietan: ama, bikotekide edo lagun perfektua; bere burua zaintzen duen emakume erakargarria; harreman sare zabala duen pertsona irekia, eta beti %100 ematen duen langile eraginkorra, besteak beste. Pentsatze hutsa nekagarria da, eta irizpide horiek betetzen saiatzea are neketsuagoa, bidean nor garen ahaztera heltzeraino.
Eguneroko errutinan, ordea, sortzen dira etenaldia egin eta nondik gatozen gogorarazten diguten aukerak. Urriaren hasieran, esaterako, Parrilla Festaren egitarauaren barruan, Nieves Arrutirekin eta Joxe Mari Gozategirekin atuna kontserban nola egiten den azaltzeko erakustaldia gidatu nuen Herriko Plazan, eta hori prestatzeko izandako elkarrizketek haurtzaroko oroitzapenak ekarri zizkidaten gogora. Egun horietan asko pentsatu nuen gaiaz. Gogoan dut uda garaian sotoan biltzen ginela familiako emakumeak atunak egiteko. Orduan jabetzen ez banintzen ere, emakumeen kontua izaten zen gure etxean. Amona Rita arduratzen zen antolakuntzaz, atunak egosi eta kotoizko trapuez tapatuta mahai baten gainean hozten uzteaz. Eta arratsalde bero haietan, hondartzara joan beharrean, bazkalostean atuna garbitzen eta potoetan sartzen aritzen ziren amona, ama eta izebak udako arropa zaharrak jantzita. Ni haurra nintzenez, potoetara olioa botatzea izaten zen nire eginkizuna...
Uda garaian sotoan biltzen ginen familiako emakumeak atunak egiteko
Etxean ohitura horri eutsi ez badiogu ere, oraindik oso presente daukadan oroitzapena da. Horregatik, erakustaldian parte hartzea proposatu zidatenean, ilusioz hartu nuen gonbidapena, gure familiaren itsas nortasunaren ikur gisa sentitzen dudalako.
Hamarkadak konturatu gabe pasatu dira, eta herriko moila begiratu besterik ez da egin behar jabetzeko, denboraren joanaz haratago, eraldaketa sakonagoa gertatu dela, herriaren izaera eta herritarren bizimodua aldatu dituena. 1992an 21 bapore zeuden herrian, eta arrantzaleak itsasora atera edo etxera bueltatzen zirenean, pil-pilean izaten zen moila. Baporeak desagertzearekin batera, ordea, itsasoaren bueltako kultura eta bizimodua ere galdu ditu herriak pixkanaka. Horregatik, benetan interesgarria iruditu zait oriotarrok itsas kulturarekin harremana indartzeko udalak egin duen lanketa, kultura globalizatuan murgilduta gauden honetan, belaunaldi berriontzat ezinbestekoa delako etenaldia egin eta zer ginen eta nondik gatozen gogoratzea.