Denbora badoa ziztu bizian

Abiadura errepidean.

Honakoa da Aiora Larrañaga Solaberrieta oriotarrak martxoko Aia-Orio Guka aldizkariko Korapiloa iritzi atalean idatzitako artikulua.

Urtarrilaren 20az geroztik, egunero-egunero, Ameriketako Estatu Batuen bueltako albistez josita abiatzen dute eguna komunikabide askok; goizean albistea dena, gainera, arratsalderako zaharkitua geratu ohi da askotan, etengabeko informazio jarioaren eraginez. Mundua ziztu bizian aldatzen ari da, eta badirudi ez daukagula pausatu eta gertatzen ari denaz hausnartzeko denborarik.

Paradoxa dirudien arren, informazioaren gizarte honetan oso jende gutxik hartzen du tartea munduak daraman norabideaz lagun artean edo familian eztabaidatzeko. Aldiz, zenbat denbora pasako ote dugu sare sozialetan ingurukoek zabaltzen dituzten argazki edo ikus-entzunezkoei begira edo munduaren beste aldean bizi diren zenbait ezezagunek ematen dituzten gomendio miragarriak adi-adi jarraitzen, horien itxura, lanbidea edo bizimodua eduki nahian. Arrakasta lortzea helburu den garaian, influencer, guru edo aberaskume horiek botatzen dituzten baieztapenak barneratzen ditugu, egia absolutua bailiran.

AEBetako eredu globalizatua eta Trumpek eta bere lagun Elon Muskek hartzen dituzten erabakiak bolo-bolo dabiltzan aste hauetan, denboran atzera egin dut Iñaki Iturainen Denboraren zubia eta Jesus Mari Olaizola Txiliku-ren Urte urdin ihesak liburuetan murgilduta; guztiz gomendagarriak, biak ala biak. Azken mendeko kontuak dakartzate gogora idazleek, eta horrek eman dit aukera denbora kontzeptuaren inguruan gogoeta txiki bat egiteko. Izan ere, kontatzen dituzten istorioei erreparatuta, badirudi garai hartan denbora gaur egun baino mantsoago igarotzen zela. Irratia izango zen komunikabiderik azkarrena, baina zerikusi gutxi zuen gaur egun informazioa munduko txoko batetik bestera klik batean bidaltzeko dugun teknologiarekin. Informazioa urria zen, eta ondorioz, erabatekoa botereak eta elizak herritarrengan zuten eragina, eta sineskerietan oinarrituta gizartean zabaltzen zuten beldurra.

Asko aurreratu dugu hainbat aspektutan, baina uste dut teknologia berriek eta digitalizazioak, onurez gain, gizartearen erritmoaren azkartzea ere eragin dutela, berehalakotasunari eta eraginkortasunari lehentasuna emanez. Presaka gabiltza beti, eta informazio gosea edo edozer galdera edo gertakariren aurrean erantzuna izateko premia sortu zaigu, beti sakelakoari begira, konektatuta ez bagaude zerbait galduko dugula pentsatuz. Era berean, irudipena daukat teknologia errealitatearen eta gizakiaren arteko bitartekari izateari uzten ari zaiola, bere horretan errealitate paralelo bat izateko; hala, orain arte ezagutu dugun denbora-espazioaren arteko erlazioa aldatzen ari da. Agian, bi minutuz hausnartu eta eztabaidatu behar genuke gaiaz, digitalizazioak ekarri dizkigun onurak aprobetxatu bai, baina kalte egiten digutenak aldatzen saiatzeko, tartean gizarteak daraman erritmo frenetiko hau zertxobait pausatzeko. Beranduegi ote?

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide