Berriak/Noticias

Erabiltzailearen aurpegia Talai Mendi elkartea 2013ko abe. 25a, 13:29


Belaunaldi aldaketa Orioko Talai Mendi Elkartean

Mikal Etxeberria da Talai Mendi Elkarkateko lehendakari berria (Aiora Larrañaga/Hitza)

Mikal Etxeberria da Talai Mendi Elkarkateko lehendakari berria (Aiora Larrañaga/Hitza)
Duela hogeita hamar urte hartu zuten Dani Barrenetxea eta Mila Oliden senar-emazkeek Talai Mendi Elkartearen ardura. Lan asko egin dute hiru hamarkadatan, eta 2013an hainbat arrazoi dela medio belaunaldi berriei lekukoa uzteko garaia iritsi dela erabaki dute. Ez da erraza izaten hainbeste urtetan proiektu bat zuzendu duen pertsonaren lekua hartzea, baina «indartsu eta ilusioz» hartu du Mikal Etxeberria oriotarrak Talai Mendi Elkarteko lehendakaritza. «Azken hilabetetan Daniren eta Milaren egoera aldatu egin da, eta Talai Mendiko zuzendaritzarekin jarraitzea lan karga handia zen haientzat. Horregatik, Barrenetxearekin hitz egin ondoren erabaki genuen Talai Mendiko kideak batzarrera deitzea, eta zuzendaritza talde berria osatzea proposatzea», azaldu du Etxeberriak. Bileran Klaudio Etxeberria elkarteko idazkaria eta Mari Karmen Oliden diruzaina izatea ere erabaki zuten.
Orain arte Barrenetxeak eta Olidenek gidatu dute mendi elkartea, baina aurrerantzean lan taldeetan banatuta antolatzea da Mikal Etxeberriaren asmoa. «Dani Barrenetxeak eta Mila Olidenek egin duten lana ikaragarria izan da. Ezkutuko lana izan da, kanpotik ikusten ez dena, baina elkarte batek ongi funtziona  dezan ezinbestekoa dena. Ni neu urte askotan Talai Mendiko kidea izan banaiz ere, lehendakaritza hartu dudan arte ez naiz ohartu zuzendaritzak atzetik dakarren lana eta ardura zenbaterainokoa den. Miresmena adierazi nahi diet egin duten lan txukunagatik», adierazi du Etxeberriak.
Aurrerantzean lana Barrenetxeak eta Olidenek «bezain ondo» egitea da zuzendaritza talde
berriaren asmoa. «Talai Mendik antolatzen zituen egitasmo guztiak eurek koordinatzen zituzten. Mila xehetasun dira, eta horiek denak ikasi beharko ditugu». Lehen urtea «elkartearen tripak ezagutzeko eta martxa hartzeko urtea» izango da, baina «elkarlanean lan txukuna» egiteko prest daude Talai Mendiko kideak.
Daniel Barrenetxea eta Mila Oliden ere gustura daude belaunaldi aldaketarekin. «Oso gustura gaude Mikal Etxeberriak Talai Mendiko lehendakaritza hartu duelako. Neska argia da, eta lana txukun egiteko gogoz dago, gainera. Pertsona aproposa dela uste dugu. Elkarteko zuzendaritza talde berriak jakin badaki ahal dugun neurrian gure laguntza izango duela», adierazi du  Barrenetxeak, hogeita hamar urtetan Talai Mendiko lehendakaria izan denak.
Talde lana oinarrian
Talai Mendi Elkarteak hainbat talde hartzen du bere baitan, eta aurrerantzean talde bakoitzak bere arduradunak izango ditu; haiek arduratuko dira taldeko martxa koordinatzeaz eta irteerak antolatzeaz. Mikal Etxeberria lehendakariak, berriz, Kukuarri Egunaren harira antolatzen duten Mendi Astea koordinatuko du, eta administrazio eta segurtasun arloa landuko ditu. «Mendi jardueretan oso garrantzitsua da aseguru kontuak argi eta eguneratuta izatea. Taldeetako arduradunekin lanketa berezia egiten ari naiz gai horren inguruan, irteeraren batean istripuren bat gertatzen bada, arduradunak izaten baitira taldearen erantzuleak», adierazi du lehendakariak. Horretaz gain, mendian ibiltzea atsegin duten herritarrak federatearen garrantzia ere nabarmendu du Talai Mendiko lehendakariak. «Mendian ibiltzea atsegin dugun guztiok egon beharko genuke federatuta, edozer gertatzen bada ere horrek babesten baikaitu. Mendi elkarteen bitartez federatu behar izaten da, eta egunotan hori kudeatzen ari gara».
Bestalde, Erregeen zamalkadarekin ere buru-belarri lanean dabiltza Talai Mendiko kideak eta arduradunak azken asteetan, urtean zehar antolatzen dituzten egitasmoen artean hori baita «antolaketa gehien eskatzen duena». Bertan parte hartu nahi duten haurrei ostiralean 19:00etan ikastolako pergolan biltzeko deia egin nahi diete, eta abenduaren 23an, 19:00etan, egingo dute lehen entsegua.
Horretaz gain, Talai Mendi Elkarteko kideek 18 urtetik gorako herritarrak sokari eutsiz eta suzia eramanez zamalkadan parte hartzera animatu dituzte. «Zamalkada ondo atera dadin herritarren parte hartzea ezinbestekoa da. Batzuek gozatzeko besteek lan egin behar dute, eta denen laguntza ongi-etorria izango da».
jasotako informazioa : Hitza Urola Kostako Albisteak

Osorik irakurri

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide