Miresmenez eta enbidiaz entzuten ditut nire bikotearen familiakoen gerrako pasadizoak. Istorio gogor bezain politak zituzten kontatzeko lau aiton-amonek, eta ez zituzten ezkutuan utzi; denak ez, behintzat. Nik ezin dut gauza bera esan nire aiton-amonez. Ez ziren gerrara joan, baina ez zuten askorik kontatu nahi izan frontetik kanpo gertatu zirenez ere. Aittitte eta amama ez bezala, gure aita bazen gauzak kontatzekoa. Askotan entzun behar izan genizkion soldaduskako istorioak. Narratzaile ona zen, eta pasadizo batzuekin barrez lehertzen ginen, eta beste batzuekin, triste jartzen.
Haserretu ere egiten ginen, bereziki, kontatzen zigunean nola hil zuten bere aitaren lehengusu bat soldaduska egitera iritsi orduko. Antza, sarjentoak galderaren bat egin edo aginduren bat eman zion, eta azkoitiar gazteak erantzun ezin, gaztelaniaz piperrik ulertzen ez zuelako. Halako batean, nazkatu zen sarjentua, eta ostikoz barrabiletan jo zuen. Bai jo ere; bertan hil zen gaztea. Aitak zioen horren ondoren gure familiak diru dezente ordaindu zuela gure aittitte soldaduskatik libra zedin, baina gerra sortu zela Marokoren eta Espainiaren artean, eta berdin-berdin joan behar izan zuela.
Aitak soldaduskaz hitz egiten zigunean beste mende bateko kontuez ari zela iruditzen zitzaidan umetan, baita gerora ere. Eta institutu garaian, gure gelako mutilak soldaduskaz, intsumiso egiteaz eta halakoez jarduten zutenean ere, ez dakit zenbateko kasurik egiten nien. Soldaduska kendu zutenean haiek hartu zuten pozak ez ninduen askorik kutsatu; enpatia zero, orain konturatzen naiz. Eta gizonekiko zero enpatia izaten jarraitzen nuen Alemanian derrigorrezko soldaduska berriz ezartzea aztertzen ari zirela irakurri nuenean ere.
Guraso izateak, baina, zerbait aldatzen du gugan, zerbait pizten, oso sakona, gu ere animaliak garela gogorarazten diguna. Instintua, sena... ez dakit zein den hitza. Izan ere, aurrekoan, oraindik 10 urte bete ez dituen semeak, hala bota zidan: "Ama, mutilen eta nesken artean berdintasuna egon behar bada, emakumeak ere hasiko dira soldaduska egiten eta gerrara joaten gu bezala, ezta?". Jo eta ma. Hala utzi ninduen, eta hala jarraitzen dut.
Ez dakit ziur zer erantzun nion; baietz, ziurrenez, hori zela justuena nire ustez ere. Denak joatea, ala inor ez. Eta hori baino justuagoa iruditzen zitzaidala gerra egin nahi duten horiek beraiek jartzea lehen lerroan fusilekin. Jakinda hori ez dela aukera bat, jakinda hori ziurrenik gure semeak ere badakiela ez dela aukera bat. Baina beste gai bat da hori...