Eztarritik gora

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lete 2024ko aza. 2a, 08:00

Emakume bat mendi garai bateko harkaitzean eserita. (Pixabay)

Honako artikulua idatzi du Onintza Lete Arrieta kazetariak urriko Aia-Orio Guka aldizkariko Korapiloa atalean.

Sexualitateaz idazteko asmoa neukan lerro hauetan, eta erotismoaz, maitasunaz, eta seduzitzearen eta seduzitua izatearen arteaz. Eta nola horiek gailentzen diren eta beti gailenduko diren nire bizitzan, iraganean (nik ere) bizitako sexu erasoak sexu eraso. Eraso horiek deskribatuak ere banituen, eta nola sentiarazi ninduen bakoitzak: zerk eman zidan mina, zerk amorrua, zerk beldurra.

Baina gaurkoan barrua mugitzen didana, erraietaraino mintzen nauena, ez da nik bizitakoa, hemen gertatutakoa. Zuei ere gertatuko zitzaizuen zerbait esan nahi eta ezin esanda gelditzea noizbait –bikotearekin, lankidearekin, kalean...– eta halako min bat sentitzea eztarrian. Horregatik, gaurkoan, Afganistango ni guztiekin eta gu guztiekin akordatu beste erremediorik ez dut. Ez pentsa, ez dut akordatu nahi: akordatuz gero, nola ez egin negar, nola ez egin zerbait drastikoa, pertsona izaera erausi dieten horien alde? Nola liteke gu hemen trankil egotea, han emakumeei jendaurrean hitz egitea, abestea, garrasi egitea debekatu dietenean? Gizakia gizaki egiten duen hots hori eztarritik kanporatzea galarazi dietenean? Zer gehiago kendu ahal zaio pertsona bati?

Zer helduleku izango nuke nik duintasunari eusteko, bizitzari eusteko?

Tristura eta mina su bihurtzen ari zaizkit hau idazten dudan bitartean. Eta ez soilik hango agintarien krudeltasun mugagabeagatik. Baita hemengoon isiltasunagatik ere. Guk badugu ahots gora jarduteko askatasuna, baina belarrietara ez zait ia ezer iristen ari hango ni eta gu guztien alde. Ezin al dugu ezer egin hemendik? Gure indiferentziaren oihartzuna iristen ote da jada inoiz bisitatu ezingo ditudan Afganistango mendi garai ederretatik hango bailaretara? Zenbat min, etsipen, eman lezake horrek? Borrokatzen jarraitzeko indarrik ba ote dute munduaren elkartasunik gabe?...

Ez dakit zer egin beharko genukeen, eta ziurrenik, oker nabil esandako guztian. Baina eztarriko min honek atera beharra zeukan.

Eta eztarritik gora dena botatzearren, despistatuta dabiltzanentzat, ohar bat: ez gaude Afganistanen, Euskal Herrian baizik, baina badaezpada ere, kontuz ahots goran esaten duzunarekin –batez ere zakilduna bazara–, adierazpen askatasunean denok sinesten baitugu, baina badakizu, gauza batzuk sakratuak dira, eta hortaz, kontuz; martxa honetan, akaso, egunen batean, segun eta zer esatera ausartzen zaren, hotsik gabe geldi zaitezke zu ere, eztarritik gora ezer bota ezinik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide