Frantsesa

Erabiltzailearen aurpegia Onintza Lete 2024ko abu. 5a, 08:00

Frantziako bandera. (Pixabay)

Uztaileko Korapiloa atalean argitaratutako iritzi artikulua da honakoa.

Intentzio maltzurrez idatzitako titularra zekarren aurrekoan egunkari batek: "Gipuzkoan jaiotzen diren hamar umetik hiruk ama atzerritarra dute jada". "Kontuz", beraz, esaten zuen, esan gabe: arriskuan daude bertako kultura, hizkuntza, ohiturak. Zalantzak ditut hizkuntza, kultura eta ohitura berdinez ariko garen, eta baita atzerritar etiketaren barruan nazionalitate berak sartzen ditugun ere; baina beste gai bat da hori.

Kontua da, handik egun gutxira, erredakziora bisitan etorri zitzaigula Angeluko (Lapurdi) Haizea, kazetaria izan nahi duen 16 urteko gazte jatorra (*). Kontatu genion nola lan egiten dugun, kaleko ekitaldi baten berri jasotzen izan ginen, eta eguerdian, kafe garaian ginela, nongoa zen galdetu eta "Angelukoa" erantzun zuenean, "a, frantsesa", esan zion galdera egin zion herritar berberak, azkar asko eta baita lasai asko ere. Auzo lotsa sentitu nuen.

Aspaldian ahaztua neukan galdera, baina segituan egin nion berriz neure buruari: merezi ote dugu?... Euskal Estatu bat, alegia.

Eta ez, uste dut ez dugula merezi, ezta txiki-txiki bat ere, eta ez da izango atzerritarren seme-alaba gero eta gehiago jaiotzen ari direlako Gipuzkoan. Gehiago izango da euskaldun batek beste bati frantsesa deitzen diolako; euskaldun peto-petoak gaztelaniaz mintzo direlako, guztien aurrean, harro; eta ia inori ez zaiolako axola benetan 16 urteko gazte hori, gutarra den hori, borrokan aritzea euskaraz ikasi ahal izateko (eta bera bezala, beste hainbeste gazte Iparralde osoan eta Nafarroako zati handi batean).

Geure zilborrari begira bizi gara, eta begiak hortik altxatzen ditugunean, jada ez gara euskaldun; gehienok beste zerbait gara, ez gaitezen engaina –hauteskundeetako emaitzen koloreak gorabehera–. Kontzientzia gutxiko ezjakin kuadrilla bat garela esango nuke. Bai, gaur ezkor eta gogor samar esnatu naiz, baina esaldi hori idatzi nuen egunean ere halaxe sentitu nuen.

Ez dugu merezi ezer eta, egunen batean zerbait merezi izatera iristen bagara, lehenago izango da dena gaizki egiten omen duten eta balorerik ez omen duten gure gazteek hartuko duten norabideari esker –ama atzerritarrak dituzten gure beste gazte horiei esker ere bai–, heldu eta adineko euskaldun peto eta gizarte balio sendokoak garen hauei esker baino. Oso harro gaudelako gure hiri eta paraje ederrez eta El Conquis-eko xehetasun guztien berri edukitzeaz, baina nekezegi zaigulako arreta txikiena jartzea herri gisa izan ginenari, garenari eta izan nahi dugunari.

(*) Haizeak idatzitakoa da, hain justu, aldizkari honetako hamahirugarren orrialdeko erdiko zutabea. Mila esker egindako lanagatik, eta segi zure ametsen bila, Haizea.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide