Ring-ring. Han... Gure ama da, sakelakora deika... Urtero-urtero zoriontzen nau Amaren Egunean.
Ama. Gure etxean hori da, zalantzarik gabe, egunean zehar gehien entzuten den hitza. Egunean zehar, eguna joan eta eguna etorri, duela bospasei urtetik. Gaur omen da Amaren Eguna mundu zabalean. Ahaztuta neukan zeharo, Maiatzaren Leheneko mega-zubiari esker, aurten ez didatelako marrazkirik edo eskulanik egin seme-alabek eskolan.
Ahaztuta neukan, ostiralera arte. 13:00 izateko minutu gutxi falta zirenean presaka batean joan nintzen betiko harategira, bazkaritarako zerbait erostera, eta jamon york, odolki eta errusiar entsaladilla erostearekin batera, hara non, lore bat oparitu zidaten. "Igandean Amaren Eguna da, eta loreak ematen ari gara bezeroei". Munduko gauzarik normalena bailitzan eman ziguten azalpena harategian geunden bezeroei, eta inor diskriminatu gabe, denoi berdin-berdin eman ziguten lore bana; izan ama ala ez, izan adineko, izan gizonezko...
Irribarretsu atera nintzen handik, eta betiko kafetegira sartu nintzen, lore eta guzti, kafe baten bila. Hangoari lorearen azalpena eman, eta inolako interesik gabe erantzun zidan "a bai?" batekin. Ama batengandik beste erreakzio bat espero nuen, baina tira, ez zidan ilusiorik zapuztu.
Aitortu behar dut: loreek ez didate askorik irauten. Baina ez da izango ez ditudalako usaintzen, ukitzen, laztantzen... Saiatzen naiz haiek mimatzen. Betiko harategian ere mimatua sentitu nintzen, eta eskerrak eman nahi dizkiet, ezpainetan irribarrea eta barruan alaitasuna sorrarazteagatik ostiral eguerdi arrunt batean. Detaile xume hark eguna alaitu zidalako.