Aurrena irakurri

Ona eta txarra adierazteko eskuko keinuak. (Pixabay)

'Korapiloa' atalean honako iritzi artikulua idatzi zuen uztaileko Karkara aldizkarian Onintza Lete Arrieta kazetariak.

"Aurrena irakurri, eta gero hitz egingo dugu". Horrela amaitu zen lagun batekin izan nuen eztabaida. Min eman zidan. Nire iritziak ez zion balio, ezjakina nintzen bere begietara, eta zer pentsatua eman zidan: benetan nintzen ezjakina gaiaz irakurri ez nuelako? Zehazki, zer irakurri ez nuelako? Eta irakurri eta hala ere nire ideiak mantentzen banituen, orduan zer esango zidan?... Feminismoaz ari ginen, edo ekologismoaz, baina asko inporta zaidan beste edozein gai izan zitekeen.

Zurien eta beltzen tartean eroso eta seguru bizi izandakoa naiz, gris guztiak albo batera utzita; horregatik ez diot lagunari oso gogor egin nahi.

Baina hausnartzea garrantzitsua iruditzen zait, nik behintzat, atzeraka nabaritzen baitut gizartea hainbat kontutan. Ez al zaizue iruditzen gero eta zailagoa dela onartutako diskurtsoaren aurka baina bakar bat esatea? Zergatik ezin naiteke feminista izan eta, aldi berean, mugimendu feministaren ikuspuntu batzuekin ados ez egon? Ekologista baldin banaiz, eolikoen kontra egon behar al dut derrigor-derrigor? Euskaltzalea naizenez, ezin al ditut euskararen inguruko politika batzuk kritikatu? Zergatik ezin dut esan oso arriskutsua iruditzen zaidala duintasunaren izenean lanbide bat ilegalizatzea?... Zenbat lanbide ez duin eta hilgarri daude gure inguruan? Zenbat ordenagailu, sakelako telefono eta abioiko txartel ditugu, ingurumena kutsatzeaz gain heriotzak eraginez egunero? Lodifobiaren kontrako diskurtso ederra duten zenbatek ez diote gaizki begiratuko edo iseka egingo uda honetan hondartzan bere sabel handia erakustera ausartuko diren emakume edo gizon horiei?... Pixkanaka, sakonekoa bigarren mailan gelditzen ari denaren sentsazioa dut, diskurtsoa baita inportantea, azalekoa, posea.

Bai, diskurtsoa da inportantea, azalekoa, posea... baina baita etiketaje hertsia ere: hau zuria da edo beltza da. Eta horrek berekin dakartza azken urteetan aparra bezala gorantz doazela uste dudan bi egitate oso arriskutsu: dogmatismoa eta moralismoa.

Orain, gizarteak eta sistemak ez dute Elizaren beharrik dogma eta morala ezartzeko. Jaungoikoagan sinesten genuen lehen euskaldunok itsu-itsuan; beste jaungoiko batzuetan orain, baina orain ere, itsu-itsuan. Ez al gara ari askatasun eta gauza eder asko galtzen ari justiziaz, berdintasunaz eta askatasunaz mozorrotutako moralaren pean?

Agian ez zarete ados egongo nirekin. Hala bada, lasai gelditu kalean eta eman zuen ikuspegia; agintzen dizuet ez dizuedala esango aurrena irakurtzeko.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide