Horregatik, LH1n itsasoaren gaia lantzen ari dira baina, oraingoan, Orio eta itsasoaren arteko lotura zehatzago bat egin nahian dabiltza. Ezaguna da oriotarrek balea harrapatu zutenekoa, Benitoren bertsotan hainbestetan entzun duguna, baina oraingoan, itsasoa eta Orioren arteko lotura tristeago bati buruz aritu dira.
Eguraldi ona aprobetxatuz, hondartzara joan dira gaur, eta bertan dagoen barra amaieraraino joan dira paseatuz. Bidean, Balearen eguna dela eta azken egunetan gelan abesten ibili diren itsasoarekin lotura duten abestiak kantatuz joan dira.
Gelan behin baino gehiagotan aipatu izan dituzte etxean entzunda, Orioko barraren inguruan itsasontziren bat edo beste ondoratu zela, baten bat ito zela... Gaurkoan, barran dagoen hildako izenen plaka bertatik bertara ikustera joan dira. Bertan azalpenak emateko eserita zirela, hainbeste haur han ikusita, interesa sortu zaion herritar bat elkartu zaie. Berak kontatu die plaka horretan agertzen diren izen bat baino gehiago ezagutzen zituela, eta istripu haietako batzuen berri eman die.
Ustekabeko irakasle berriaren azalpenei adi-adi entzun diete ikasleek. Pena handiz bueltatu dira guztiak ikastolara, konturatzerako bazkaltzeko ordua iritsi baitzaie!
Eskerrik asko Joxe Etxeberriari, gaurko gure irakasleari, azalpen haiek guztiagatik! Jarrai dezagula elkarrengandik ikasten.
Izan zirelako gara, eta garelako izango dira.