Etorkizuneko Orio; euskalduna.

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2023ko abe. 13a, 10:13

Lh2ko ikasleek, Goizane eta Elixabete UEMAko teknikarien eskutik Ispiluari begira ekimena burutu zuten atzo. Bertan, herrian erabiltzen diren hizkuntza desberdinen inguruko gogoeta egin zuten, baita euren bizitzako testuinguru desberdinetan nolako aldaketak egiten dituzten hizkuntzaren erabilerari dagokionez.

Horrela, Ikastolan, parkean edo etxean zein hizkuntzatan hitz egiten duten ekarri zuten gogora, eta aldaketa horiek, herrian nolako eragina izan dezaken pentsatzen ibili ziren. Lanketa honen ondoren, mailako gurasoak gonbidatu zituzten, ekintza horretan aipatutakoak azaltzeko asmoz.

Ondorioen artean, Orio herri euskalduna dela gogoz ziurtatu zuten, eta honekin batera beste hizkuntza desberdinak ere erabiltzen direla, eta hauek guztiak orekan erabili beharraz jardun zuten, elkarbizitza eredu baikorra sustatzeko. Baina argi adierazi zuten, oriotarrek euskaraz hitz egin ezean, beste hizkuntza batzuk gain hartu dezaketela euskara desagertzeko arriskuan jarriz.

Euskalduna. Euskal hiztun osoa. Euskal identitatea eta kultura ezagutzen eta bizitzen dituena. Hauxe daukagu jasota Orioko ikastolako pertsona ereduan eta hauxe bera lantzen dugu egunero ikastolako jarduera guztietan. Hizkuntza ezagutu eta erabiltzeaz gain, euskal kultura sustatuko duten oriotarrek osatu dezaten etorkizuneko gizartea. Etorkizuneko Orio; euskalduna.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide