Eguzki sistemako planeten inguruan ezagutzen ditugun datuak lortzeko dauden baliabide zientifikoak izan ditu hizpide. Izan ere, proiektu hontako helburu garrantzitsuena azalpen zientifikoak eta asmatutako istorioak bereiztea izan da, sineskeriak edo iritzi propioak alde batera utzi eta datu zientifikotan oinarritutako azalpenak ematen ikastea. Esaterako, hizketaldiko momentu batean "alienigenak" aipatu dira, eta hauen eta bizitza estralurtarraren arteko desberdintasuna argitzen jardun dira. Honekin pentsamendu kritikoa aktibatu dute, nahitaezko ekintza jakinmina asetzeko eta analitiko-kritikoa izateko; gure ikastolako pertsona ereduan jasota dauden bi ezaugarri, erabakitzaile-ekintzaile bereizgarriaren barruan.
Bestetik, espazio bidaien inguruan hitz egin dute. Zenbateko distantziak dauden planeta batetik bestera, zenbat denbora beharko genukeen bidaia horiek egiteko, eta horretarako beharko luketen erregai kopurua... Zer pentsatua eman die kohete bat aireratzeko behar duen erregai guztiak gure atmosfera zenbateraino kutsatu dezaken. Eta baita ere koheteak euren bidaia egin ondoren, edo sateliteak euren lana bete ondoren nola bilakatzen diren zabor espazial. Kezkatzeko modukoa! Ingurumenaren arazoekin solidarioa izatea jasota dago ikastolako pertsona ereduan. "Eraldatzailea" bereizgarriaren barruan.
Datozen hamarkadetan, Lh2ko ikasle hauek eta beste asko izango dira protagonista. Nolako erabakiak hartu eta ekintzak jarri martxan, halako eran aldatuko dute biziko duten gizartea. Ikastolako begirada hor dago jada. Gainontzeko gurasoak, gaurkoan Gaizkak egin duen bezala, zuen aletxoa jar dezakezue; etorri geletara, partekatu dakizuen guztia, eta prestatu gazteak etorkizunerako!