LH4 Arotz Enean

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2023ko urr. 9a, 11:22

LH4.mailako ikasleak pasa den astean Nafarroako Arotz Enea baserrian izan ziren hiru egunez. Urriaren 4ean, maletan  urduritasun  adina gogo sartuta, autobusez Etxarri Larraunera joan ziren beraien irakasleekin batera. Egun polittak  pasa zituzten bertan lagunekin, leku berriak bisitatu eta ekintza desberdinak eginez. Berriz itzultzeko gogoz etorri omen ziren gainera!

Hiru egun eta bi gau pasa zituzten bertan baina, nahikoa gauza egiteko denbora izan zuten. Baserrian bertan izandako denbora librean, eskupilotan, futbolean, futbolinean, ping-pongean, jolas librean, mahai jolasetan… ibili ziren. Bertako monitoreekin ere hainbat ekintza egin zituzten, esaterako buztinarekin irudi dotoreak egiten jardun ziren.  

Botak jantzi eta  inguruan mendi buelta pare bat ere egin zituzten eta  besteak beste,  harrobi bat bisitatu zuten eta kobazulo batean ere sartu ziren. Kobazuloan beraien linternak eskuan zituztela; saguzaharrak, estalaktitak eta estalagmitak ikusi ahal izan zituzten. Iratzek, bertako begiraleak, kondairak ere kontatu zizkien eta gustora entzun zituzten. 

Ostegun gauean berriz, bakoitzak barruan gordeta duen artista atera eta  “Got talent” bat prestatu zuten guztien artean. Bagenekien talentu handiko neska mutilak zirela eta halaxe erakutsi zuten. Denetik izan zen ikuskizun horretan; dantza, abestiak, magia…  

Ostiralean, berriz ere motxilak eta zakuak bildu, bazkaldu eta bertako begiraleak agurtu ondoren Oriorako bidea hartu zuten.  Izan omen zen bueltako bidaia lo egiteko aprobetxatu zuenik ere…

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide