Aasteartean, Bagoaz tailerra eskaini die UEMAk, Goizane Aranaren eskutik, DBH4ko ikasleei. Ekimen honek UEMAk udalerri euskaldunetan eragiteko daukan nahiari erantzuten dio, eta lantzen ari den HEDATU hezkuntza proiektu integralaren parte da.
Tailerraren bidez landu nahi izan den helburu nagusia da Orio bezalako herri euskaldunek euskararen normalizazioan duten funtzio garrantzitsua azpimarratzea eta ikasleak zeregin horren protagonista bihurtzea. Ikasleek lidergo natural horren kontzientzia hartzea, hain zuzen ere.
Ikasleek balorazio oso positiboa egin dute, eta naturaltasunez daukaten euskara, zaintzearen ardura eta kontzientzia indartzen lagundu die tailerrak.