DBH3KO IKASLEAK POZIK FRANTZIAN

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2023ko api. 20a, 13:22

Orioko Herri Ikastola Erasmus+ programan sartu da aurtengo ikasturtean. Horri esker, DBH3ko ikasleek Frantziako Les Hauts de France eskualdeko Henri Arras ikastetxeko ikasleekin Erasmus+ proiektu bat gauzatzen ari dira. Elkar ezagutu eta harremanak sortzeaz haratago, helburua da bi herrialdeetako hizkuntza gutxietuei buruzko lan bat elkarrekin. Hartara, ikasleak jabetuko dira hizkuntza hegemonikoetatik haratago kultura gutxituak ere badaudela eta herrialdeen aberastasun direla. 

Proiektua on-line hasi bazuten ere, Aste Santuko oporren aurreko astean iritsi zen une gorenetako bat. Orioko 10 ikaslek eta 2 irakaslek aste beteko bidaia egin zuten Frantzian. Igande eguerdian trena hartu eta Parisen egin zuten lehen geldialdia. Egonaldi labur horrek balio izan zuen Frantziarekin lehen kontaktua hartzeko eta, batez ere, ikasleak familia frantsesetan biziko zutenaz nolabait prestateko. Astelehenean iritsi ziren Liévin herrira eta berehala ongietorri beroa jaso zuten bertako ikasleengandik. Sare sozialei esker aldez aurretik elkar ezagutzen zutenez gero, erraz konektatu zuten eta giro ona sortu zen bi taldeen artean. 

Liévin-en pasatako astean zehar, lagun berriak egiteaz gain, Erasmus proiektua frantses ikasleekin batera lantzeko aukera izan zuten eta hainbat gune bisitatu zituzten. 

Bisiten artean aipagarriak izan ziren:

- Pariseko Louvre museo ospetsuaren kolekzioaren zati bat biltzen duen Lens-eko Louvre museo garaikidera egindako bisita. 

- 1. gerrako sarraskia oroitzeko Lauretten dagoen oroigarrira egindako bisita 

- Les Hauts de France eskualdea markatu duten ikatz-mehatzen hondakinekin sortutako “tontorretara” egindako igoera.

- Arras hiri ederreko lur-azpiak bisita gidatu baten bitartez ezagutzea. 

Ikasle zein irakasleek oso balorazio ona egin dugu egindako bisitaz eta jadanik hasi gara maiatzaren 8ko astean frantsesei egingo diegun ongietorria eta aste osoan zehar egingo ditugun bisitak prestatzen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide