Jorge Aristi Eslovenian izan da ikastetxearen eta familien arteko harremanak nola lantzen diren ikusten eta ikasten

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2023ko mar. 16a, 16:30

Erasmus + programaren baitan, Orioko Herri Ikastolako langileak hasi dira Europako esperientzietan oinarritutako ikastaroak egiten. Orioko Herri Ikastolako idazkari nagusia den Jorge Aristi Eslovenian izan da beste herrialdeetan familiekiko harremanak nola lantzen diren ikusten eta ikasten. Bere esperientzia ezagutu nahi baduzu, hementxe etorri berritan egin diogun elkarrizketa.

- Erasmus ikastaro bat egin berri duzu. Non, noiz, gaia azalduko dizkiguzu?

Liubianan (Eslovenia) egin dut ikastaroa, martxoaren 6tik 11era, eta ikastaroaren gaia familiekiko harremanak eta komunikazioa izan dira.

- Nola antolatua zegoen ikastaroa? Beste esperientziak entzuteko aukerarik izan duzu?

Goizero ordu eta erdiko hiru saio izaten genituen, saio bakoitzean gai bat lantzeko edo ariketa bat egiteko. Eta tartean bi atseden 15 minutukoak, kafe bat hartu eta modu informalagoan elkarren artean hitz egiteko aukera ematen zutenak.

Ikastaroaren helburuetako bat beti izan da herrialde edo ikastetxe dsberdinetako esperientziak partekatzea eta diferentziak azaleratzea. Hartara, ikusi ahal izan dugu herrialde bakoitzeko arauak eta ohiturak zer eragin duten harremanetan eta komunikazioan. 

- Zein herrialdetako profesionalak ezagutu dituzu?

Bederatzi ikasle ginen, lau kroaziar, bi errumaniar, bi portugaldar eta ni. Irakaslea eta ikastaroaren antolatzailea esloveniarrak ziren.  Pena bat da europar iparraldeko herrialdeetako profesionalik ez egotea, Finlandia edo Danimarkakoak adibidez, baina hala ere aberasgarria izan da.

- Helburua izan da beraz familiekin dugun harremanetan sakontzea.  Zein izan da ikastarotik atera duzun ondorio nagusia? Baliagarria eta aplikagarria den zerbait azpimarratuko zenuke?

Familiekin dugun harremanetan sakondu dugu, baino baita lankideekin dugun harremanetan eta komunikazioan ere. Horrek gatazkak konpontzeko ere balio dezake.

Atera dudan ondorio nagusiena da komunikazioa oso garrantzitsua dela, eta askotan gauzak esaterakoan ez dugula asmatzen. Izan daiteke komunikatu beharreko hori aldez aurretik ez dugulako ongi prestatu, edo momentu egokia ez dugulako aukeratu.

Eta entzute aktiboa ere garrantzitsua da. Entzun eta ondo ulertzea besteek esaten dutena.

Ikastea beti da baliagarria, eta noski ikasitakoa nire lankideekin partekatzeaz gain, egunerokotasunean eta nire lanean aplikatzen saiatuko naiz.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide