Pasa berri den aste honetan, DBHko ikasleek Eramus+ KA/122 programarako logoa landu dute. Kontuan izanda aurkeztutako proiektuaren lan-ardatza inklusioa dela, ikasle bakoitzak bere logoa landu du eta, ondoren, denen artean egokiena aukeratu dute. Ikasleek lehen aukeraketa bat egin ostean, Ikasle Kontseiluko kideek hautatu dute logoa sortzeko oinarria izango den irudia.
Inklusioa da proiektuaren oinarria eta ikasleek ideia hori kontuan hartuta, era guztietako irudiak aurkeztu dituzte; zuri-beltzak, kolorez josiak, digitalak... guztien artean, Goiuri Berasaluzeren logoa izan da aukeratuena.
"Proiektuaren ardatza inklusioa denez, pertsona ezberdinak marraztea bururatu zitzaidan. Gainera, LGTBIQ+ banderaren koloreekin margotu nituen hizkiak eta Europako bandera bigarren plano batean jartzea erabaki nuen. Logoak proiektuaren hiru ideia borobiltzen dituela iruditzen zait: aniztasuna, genero identitatea eta proiektuaren kokapena. Ez nuen uste nire logoa aukeratua izango zenik, bukatzeko arazoak izan bainituen; baina, orain, oso pozik nago"-esan digu Goiurik.
Logoa Orioko Herri Ikastolako Erasmus+ proiektuaren irudia izango da eta gure ikasleekin batera, honek ere, Europan zehar bidaiatuko du.