Proiektu Komunitarioak ikasgaiaren harira, DBH1eko ikasleak Euskaraldiaren alde lanean jarri dira. Proiektuaren helburua da Ikastolako ahalik eta kide gehien Belarriprest eta Ahobizi izatea.
Lehen saioetan, ikasleek Euskaraldiari buruz jadanik gauza asko zekizkitela erakutsi zuten. Arbela bete ideia jaso eta guztiak ordenatu ondoren, aurtengo Euskaldiari buruzko informazio zehatza jasotzeko unea iritsi zen. Horretarako, joan den astean Miriam Garcia Aia-Orioko Euskaraldiko dinamizatzailea elkarrizketatzeko aukera izan zuten. Gelan aldez aurretik prestatutako galderez gain, unean bertan ere zalantza berriak sortu zitzaizkien ikasleei eta jakin-min handia erakutsi zuten.
Elkarrizketa emankorra izan zen eta gogotsu sumatu genituen Euskaraldiaren alde lan egiteko. Baietz aurtengo udazkenean Ikastola Belarriprest eta Ahobiziz josi!