Udalak finantzatzen duen kanpainaren baitan, Orioko Herri Ikastolan LH6 eta DBH2 mailetan kirol egokituaren sentsibilizazio jarduerak egiten ari dira, gorputz hezkuntzako saioetan. Bi orduko saio horiek gidatzeko, Gipuzkoako Kirol Egokituen Federazioko kide bat gugana hurbildu da.
Bizipen berriak ikasleentzat
Gorputz hezkuntzako saio berezi horietan, ikasleak pertsona ezinduen larruazalean sartu dira. Horretarako, kirol egokitu batzuk praktikatu dituzte, ikasleak beraiek gurpildun aulkian jarrita, begiak estalita eta oinetako mugikortasuna murriztuta. Ez dago oztopoa norbere gorputzean bizitzea bezalakorik arazoaren kontzientzia hartzeko.
Horrez gain, ikasleak herriko oztopo arkitektonikoez ere jabetu dira eta Orioko irisgarritasuna hobetzeko jarrera aktiboa edukitzera animatu dituzte.
Zuk ere Orion hobetu beharreko punturik identifikatuko bazenu, jakin, Kirolbarrerak.eus webgunean bertan duzula arazoa salatzeko aukera. Dudarik gabe, Orioko Herri Ikastolaren komunitate osoak badu zeresana herri hobetzeko prozesu honetan.