Bi ikasle konfinaturen bizipenak

Erabiltzailearen aurpegia ORIO HERRI IKASTOLA 2022ko urt. 20a, 11:10

Ia gela guztietan dugu etxetik lanean ari den ikasleren bat. Online jarraitzen dituzte klaseak eta gelan ikasle bat izan ohi da haiek ondo entzun eta ikus dezaten arduradun. Gelako ohiko jarduna jarraitzen dute: bakarkako zein taldeko lanak egin, hortxe egoten dira zintzo-zintzo pantailaren atzean. Ikasleen esperientzia zein den jakin nahi izan dugu oraingoan eta Malen Olaskoaga (hirugarrengoz dago konfinatuta) eta Ekai Makazaga elkarrizketatu ditugu. 

Zenbat egun eman dituzue konfinatuta?

Ekai Makazaga: Hamar egun.
Malen Olaskoaga: Lehenengo hamar egun, eta ikastolara etorri eta berehala berriro hamar egunez egon nintzen konfinatuta.

Nolakoa izan da zuen egunerokoa?

M.O: Goiz normal baten antzekoa izaten da: jaiki, jantzi, gosaldu eta konektatu.
E.M: Hiru orduko konexioak egiten ditugu eta gero gure lanak. Hortik aurrera ia egun normal bat izatera pasatzen da: lasai egon, telebista ikusi, irakurri…

Erraza egin zaizue klaseak ordenagailuz jarraitzea?

M.O: Batzuetan konexioa galtzen da eta ez da hain erraza, baina konexio onarekin, bai, ondo jarraitzen dira. Aurrez aurrekoan baino gauza gutxiago egiten dituzu, hori egia da.
E.M: Hasieran pixka bat lioa da. Ez dakizu non sartu behar duzun eta ohitzea kosta egiten da. Behin lehenengo eguna pasata errazago jarraitzen da guztia.

Talde lanetan parte hartzen da etxean zaudenean? Nola?

M.O: Bai, normalean bai. Pixka bat lioa da hori: batzuetan ez dizute ondo entzuten, orduan txata erabiltzen duzu… baina batzuetan esan nahiko zenukeen guztia ez zaie iristen taldekoei. 
E.M: Bai, parte hartzen da, nahiko ondo gainera, askotan besteekin ondo elkar hartzen duzu, ulertzen duzu eta esaten dituzunak ondo ulertzen dituzte. Batzuetan, ordea, kamara eta mikrofonoak ez dabiltza ondo eta izorratu egiten dizu. Orduan txata erabili behar duzu… eta ez da berdina. Esan nahi duzun guztia askoz hobeto esaten da klaseko talde lanetan onlinekoetan baino.

Zer nahiago duzue ikastola edo etxea?

M.O: Nik nahiago dut ikastolan egon. Askoz erosoagoa da. 
E.M: Nire ustez ere ikastolan egotea hobe da. Gauzak askoz hobeto ulertzen dituzu. Ikastolara itzultzean, koadernoan ez dituzu ikastolan egon direnen gauza berdinak eta eduki nahi badituzu lan gehigarriak dauzkazu. Askoz hobeto jarraitu eta lan egiten da ikastolatik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide