Zaintza Taldean, erosketak egiten eta maskarak josten
Orioko udalak Zaintza Taldea sortu orduko Ikastolako hainbat irakaslek eta langilek (Iñaki, Nere, Bittor, Eneritz…) eman zuen izena etxean dauden adinekoei erosketak egiteko eta laguntza bereziak behar dituztenei laguntzeko. Aste honetan, berriz, jostunak sartu dira inurri-sarean, isil-isilik, bakoitza bere etxean, maskarak eta batak josten. Zaintza Taldekoek egindako deialdiari erantzunez, Elisa, Maider, Aurora, Maialen… irakasle jostunek (baita zenbait ikaslek ere) beraien jakintza eta denbora zaintzarako beharrezko materialak prestatzera bideratu dituzte. “Hasieran, etxean nuen materialarekin bizilagun guztientzat josi nituen maskarak, eta handik gutxira Zaintza Taldekoen eta DYAkoen mezu bana jaso nuen whatsappez. Bietan eman nuen izena. Zaintza Taldekoek segidan ekarri zidaten materiala eta, DYAkoek astelehenean ekarriko didate” kontatu digu Elisak. Zehazki ez dakite norako diren, baina Donostiako ospitalerako, zahar etxeetarako eta, oro har, zaintza guneetarako direla uste dute.
Tekno gelako 3D inpresorak ere osasun biserak ekoizten
Teknologiako ikasgaian ikasleek erabiltzen dituzten 3D inprimagailuak ere ez daude lo. Iñaki Zarauz teknologiako irakasleak zetorrena aurreikusi eta bere etxera eraman zituen joan den astean. Maker komunitatearen eskaerari erantzunez hasi da Iñaki sendagile eta erizainentzako osasun biserak ekoizten. Kasu horretan, sudurra eta ahoa ez ezik, begiak ere babesten dituen 'maskara' moduko bat da. “Izena eman nuenean DYAkoek ekoizpenerako behar nuen materiala etxeko portalean utzi zidaten. Inprimagailu bakoitzak ordu t’erdi behar du maskara bat ekoizteko. Oraingoz 16 egin ditut, baina lanean jarraituko dut. Egindako maskarak ongi garbitu eta desinfektatu ostean, hamarnaka bildu eta portalean utziko ditut DYAkoek Donostiako ospitalera eraman ditzaten” azaldu digu Iñakik.
Ikasleek Sketch Up programa erabiltzen dute beraien diseinuak egiteko. Kasu honetan, diadema antzeko baten diseinua Maker komunitatearen webgunetik bertatik deskargatu behar da eta, ondoren, makinak lanean jarri. Diadema horrek lau zulo ditu enkuadernatzeko erabiltzen den plastiko bat bertatik lotzeko. Berria egunkarian Maker komunitateko arduraduna den Eneko Astorkizak zioenez, "egunero eskatzen dizkigute biserak ospitaleetatik".
Une zail hauetan gure jakintza eta denbora gizartearen zerbitzura jartzea da norbanakook egin genezakeen ariketa onena. Ikastolan argi dugu, hitzez ez ezik, eginaz transmititzen dira balioak eta ereduak.