Hori dela-eta, Ikastolak bere gain hartu du herriko parke hau berritzeko ardura (kostua barne) eta Ikastolan egiten ari diren eraldatze prozesuarekin lotuta, Konfiantzaren Pedagogia egitasmoaren oinarriekin diseinatu dute parkea. Horrela naturako elementuekin eraikitako parkea osatu dute: zoruaren azalera handiena pinu azalekin estalia dago, enbor zatiekin zirkuituak antolatu dituzte, hiru dimentsiotako egiturak osatzen dituzten etxolak jarri dituzte eta landare sensorialak landatu dituzte usaimena, ukimena eta dastamena lantzeko.
Modu honetan haurrek, esperimentatuz, erronka desberdinei aurre egiteko aukera izango dute parkean: oreka, kuriositatea, aurkikuntza...
Haur parke berria 0 eta 6 urte bitarteko umeentzat dago diseinatuta eta, herriko parkea denez, haur guztiek bertan jolasteko aukera dute, irekia baita. Herriko haurrak Ikastolako parke berriaz gozatzea espero dute Ikastolako kideek.