Horrekin batera ez dugu ahaztu nahi 3 urte hauetan egin dugun bidea nola eta norekin egin dugun. Auzolanean aritu gara, auzolana izan da gure ikurra eta auzolanean aritu zareten guztioi gure eskerrik beroenak emateko eta dagokizuen omenalditxoa egiteko baliatu nahi dugu goiz honetako jarduna.
Orioko herri ikastola kooperatiba elkartearen sorreratik hamaika guraso eta langile aritu dira auzolanean. Bestela ikastola, gure bihotzeko ikastola, ez litzateke inoiz izango gaur ezagutzen duguna. Horregatik, gaurko aitortzarekin 1971tik hasita gaur egun arte ikastolaren alde auzolanean aritu diren guzti guztiak omendu nahi ditugu.
Gela berriak eraikitzen, hormak margotzen, tabikeak botatzen, egurrezko lurra jartzen, garbitzen, gelak antolatzen… ehunka izan zarete zuen denbora librean, oporrak hartuta, asteburuetan… ikastolari eskaini dizkiozuenak.
Ehunka ikastolakide-auzolankide horien artean, azken 3 urte hauetan haur eta lehen hezkuntzako hasiera zikloko irakasleak daude. Ikaragarrizko ilusioz, udako oporretan nahiz ikasturtean zehar, ikastolaren proiektuari orduak eta orduak eman dizkienak.
Eta nahiz eta konfiantzaren pedagogia oraindik beraien mailetara iritsi ez, une oro laguntzen eta babesten egon diren gainontzeko irakasleak ere.
Eta nola ez, inork baino ordu, izerdi eta buruko min gehien izan duen ikastolako jefea, gure bittor! Bejondeizuela!
Hala ere gaurko honetan, auzolanean aritu zareten guztion ordezkari gisa, hiru pertsona omendu nahi ditugu: lantokitik atera eta ikastolara. Txirristak, armairuak, arbelak, hiru dimentsiotako egiturak, rokodromoak, pertxak, apalak. “Ertz hau arriskutsua dek, borobildu dezagun”, “tirafondoak gehitxo ateratzen dituk, silikonakin tapatuko dizkiagu”, “arbela txorua geratzen dek, sendotu egin behar diagu”... Eta horrela egunak eta egunak, orduak eta orduak. Gaur ikusiko dituzuen egurrezko egitura ia guztiak beraien arte lanak dira, artisau hauen eskuz egindako maisu-lanak.
Hirurak ikastolako batzordean ibilitakoak, aurrez ere hamaika aldiz ikastolaren alde lan ikaragarri egindakoak, beti auzolanean. Horregatik zuek guztion ordezkari gisa, Jose Manuel Urkizu, Martin Perona eta Joakin Illarramendi omendu nahi ditugu.
Eskuak jarri dituzue ikastolarentzat,
irriak eskaini dizkiguzue ikastolakideoi,
bihotza eman dezue
maite zaituztegun guztiontzat.
Zuen eskuekin
ikastolako umeen irriak eta
bihotzak irabazi dituzue,
joxe manuel, martin eta joakin.
Hartzazue ikastolako guztion izenean
aurreskurik ohoretsuena zuentzat.
Mila esker guzti guztioi eta auzolanean ikusiko gara!