Aterkia eskuetan, landare-zale asko bildu da Landare Berezien 12. Azokara

Erabiltzailearen aurpegia Lore 2014ko api. 28a, 09:31

Larunbat arratsaldean izan ezik, jende asko ibili da Iturrarango Lorategi Botanikoan

Besteak beste, eguzkia eta euria behar izaten dituzte landareek hazteko, biak neurrian. Gehienetan, ordea, gehiago izaten dute bustitik Iturrarango Landare Berezien Azokan. Asteburu honetan egin den 12. edizioan ere fresko-fresko egon dira landareak Lorategi Botanikoan, egarriz, behinik behin, ase.

Kontinente guztietako landareak hartu ditu aurtengo azokak, baina uste baino postu gutxiago izan dira azkenean. Ohikoak diren Raziel italiarrak (bulbos apaingarriak ekartzen ditu) eta Nature eta Paysage frantziarrak (landare haragijaleak ekartzen ditu), esate baterako, ez dute azokan parte hartzerik izan.

Kontuak kontu, jendea erraz gerturatu da Landare Berezien Azokara. Urtero bezala, jendetsua izan zen larunbat goiza. Arratsaldean, berriz, zaparradek atzera bota zuten Iturrarana gerturatzeko asmoz zebilena, eta euri soinua nagusitu zen Landare Azokan, bisitarien zain. Igandean, etengabea izan zen jendearen joan-etorria, bai goiz eta baita arratsaldean ere.

18:00etan itxi zituzten azokako ateak Iturrarango Lorategi Botanikoko arduradunek, gustura jendearen harrera kontuan hartuta.

Argazkiak ikusteko klikatu hemen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide