Ze ze O o

Erabiltzailearen aurpegia Jon Agirresarobe 2026ko maiatzaren 17a

24. Korrika Oriotik igarotzen.

Apirileko Aia-Orio Guka aldizkariko Moila bazterretik atalean Jon Agirresarobe Torrotxo-k idatzitako artikulua da honakoa. 

AEK-k antolatzen du Korrika, eta ez dio CCOOri betoa jarri. Agirian azaldu duten moduan, argi esan dio sindikatuari ezin dela Korrikan atera eta administrazioan hizkuntza eskakizunei helegiteak jartzen ibili, ez direla norabide bereko erabakiak. Hizkuntza da AEKren esparrua. Eta betoa jarri ez, koherentzia eskatu dio. Ondoren CCOOren erabakia, eta atzetik, PSE-EE alderdiarena.

Eta erreakzio andana, hiru mezutara mugatu dena: erdara lehenesten duten alderdien jarraitzaileek biktimatzat aurkeztu dute beraien burua, betoa egon dela adieraziz. Muturrekoenek Korrika ere ezker abertzalearena eta ETA dela aipatzeraino. Ezker muturrean ere badira balore absolututan hitz egiten dutenak, AEKren proposamenez ziurtasun osoz eta lehen pertsonan ari direnak. Zer pentsatu handiagoa eman dit, ordea, EAJ alderdiko Markel Olanoren adierazpen azkarrak eta laburrak. Euskarak ez duela zatiketa gehiago behar. Urteak daramatzagu jeltzaleen ahotik antzeko adierazpenak entzuten: euskarak, eta euskararen normalizazioan ari direnek, gaztelera lehenesten dutenak limurtu eta konbentzitu behar dituztela. Euskara denontzat izateko dena onartzea eta euskararen kontra ari direnak ere gure baitan goxo hartzea ere euskaltzaleon lana omen.

Diskurtso horrek eragina izan du, kontuan hartua izan da: euskararen inguruan denbora daramagu kolore guztietako jendeak argazki, kantu eta korrika saioak egiten. Baina euskarak nekez egin du gehiagora. Erraza eta erosoa baita kilometro bat egitea edo argazki jendetsu batean ateratzea. Aitorren hizkuntza zaharrak erabaki sendoagoak behar ditu: arduradunenak, herri mugimenduarenak eta, batik bat, herritarrenak. Kaka burutik behera egiten ari zaizkigu eta Olanoren erantzuna ez dakit euskaratik eta euskararentzat pentsatua den edo gobernuko sozioaren gustuko zerbait esan behar duen alderdiaren ordezkaritzatik egina.

Gogoratu auzi honen bi gakoak: AEK-k kilometroa ordaintzeaz aparte hizkuntzaren gaian koherente izatea galdegiten du lekukoa hartzeko. Hizkuntza baita AEKren esparrua. Alderdiena ere bai, hizkuntza lehentasuna bada, eta batasuna bada bidea aukera historikoa daukagu euskararen aldeko argazki zabal askoa ateratzeko: Gasteizko legebiltzarrean gehiengo zabalena bi alderdi abertzaleena baita.

Posdata: martxoaren 19an goizeko hamarretan sinatu dut artikulua. Hortik aurrera gertatu dena jakin gabe.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide