Eskatu edo egin?

Erabiltzailearen aurpegia Jon Agirresarobe 2025ko abu. 9a, 10:00

Bi txori mokoa irekita. (Pixabay)

Honako iritzi artikulua plazaratu du Jon Agirresabore Torrotxo-k uztaileko Aia-Orio Guka aldizkariko Moila bazterretik atalean.

Nahastu samar nabil azkenaldian, gizarte joera ulertu ezinik bezala. Zenbait euskal hiztunek –eta Euskal Herrian gaztelaniaz bizi diren herritar batzuk ere bai– garrantzi handia eman diote euskararen inguruko zenbait gairi, haserrea eta asaldura erakusterainokoa. Eta niri ez iruditzen hainbesterainokoak. Baga. Espainiako Gobernuak hala eskatuta aztertzen ari dira Europako Batasuneko Kontseiluan euskara, galegoa eta katalana ofizial izatea. Higa. Espainiako autonomia erkidegoetako Presidenteen Konferentzian aretotik joan zen Isabel Diaz Ayuso Madrilgo Erkidegoko presidentea Imanol Pradales lehendakaria euskaraz hasi zenean.

Ez dira txantxetako kontuak, ados. Herri baten eta bere hizkuntzaren errespetua eta duintasuna daude jokoan, eta betikoek propaganda egiteko erabili dute euskararen erabilera puntuala. Ikusgarritasun handikoa eta ofiziala bezala puntuala delako, ez zaizkit sei eguneko zaputzaldia izendatzeko moduko gertaerak iruditzen. Hizkuntzaren biziraupena baitago jokoan. Eta beharrizanen eskalan, garrantzitsua da gure erakundeen ordezkariek Euskal Herritik kanpoko bilera ofizialetan euskara erabiltzea, baina ez nuke lehentasunetan kokatuko, bada aurrerako lanik eta eragin esparrurik.

Ez dakit ba hizkuntzaren gaia ez ote den garrantzitsuegia besteen esku uzteko

Pradales lehendakariak euskaldunok euskara eta gure kultura defendatzen jarraituko dugula esan zuen Madrildik bueltan. Egun gutxitara, ordea, lehendakari kargua zuenetik urtebeteko balantzea egiteko elkarrizketa saioa ETBko bigarren katean eta gaztelaniaz eskaini zuen. Madrilekoa eskubidea da, baina euskal herritarrei zuzentzen denean eta hautua bere esku dagoenean gaztelania aukeratu du. Askok esango duzue beste aldeko arduradun politikoak kritikatzeko baliatuko dudala orri laurden hau. Ez da nire asmoa alderdikeria, urruti nabil hortik. Hizkuntzaren gaira itzulita, Pradalesen jokaldi bikoitza Euskal Herriko etxe askotan errepikatzen da, boto ezberdina ematen den etxeetan. Euskararen aldeko argazkiak atera, egiten uzten ez diguten hiru lekutan eskubidea aldarrikatu (beharrezko ere badena, ados), baina gero gazteleraz egin raka-raka.

Antza, errazagoa egiten da besteei kontuak eskatzea norbere hizkuntza ohiturak berrikustea baino. Ez dakit ba hizkuntzaren gaia ez ote den garrantzitsuegia besteen esku uzteko. Hizkuntza eskubidea defendatzen sutzen eta nekatzen ari gara erabilera apaltzen ari den bitartean.

Euskarak erabaki handiak behar ditu, arduradun politikoenak. Baina herritarren erabaki txikiek bermatuko dute bere biziraupena. Nahiago zeregina nire gain hartu aurrekoari eskatu baino. Agian, jarrera apalegia da bizi dugun garairako.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide