Artea dute biek, arteak zein artelatzak edo arkamurkak. Baldintza lehorrei aurre egiteko artea. Biak haritzaren familiakoak, baina hura ez bezala, urte osoan berde mantentzen dira. Klima lehorrari aurre egiteko, uda sargoriak kiskaliko ez dituen hosto gogorrak eta iragazkaitzak dituzte, Euskal Herriko zuhaitz gehienen oso bestelakoak. Eta aski da bi espezie horien banaketari erreparatzea klima lehorrarena ikusteko, biak Mediterranioaren mendebaldean bizi baitira nagusiki. Biak tamaina ertaineko zuhaitzak izatera iristen dira, biek zur gogorra eta astuna dute, biek hosto txikiak eta gogorrak, eta biek antzeko ezkurrak ematen dituzte.
Bai, antza dute bi espezie horiek, baina badira ere alde nabarmenak bien artean. Artearen hostoek 3-4 urte irauten dute; artelatzak, berriz, urtero aldatzen ditu, hurrengo hostoak atera berritan. Horregatik ikusiko duzue udaberrian artelatzak askoz kolore argiagoa duela, hosto guztiak berri-berriak baititu, arteak hostoen laurdena besterik aldatu ez duenean.
Alderik nabarmenena, ordea, azalean dute. Artearena gris iluna eta fina da, eta artelatzarena argiagoa, askoz lodiagoa eta latzagoa. Kortxozkoa da, eta naturan suteen aurka existitzen den babesik onenetakoa eskaintzen du, hori ere klima lehorreko jatorriaren seinale.
Bi espezieek oso lur desberdinak maite dituzte. Artelatza mokofina da. Batere karerik gabeko lurrak maite ditu, eta haretsuak badira are gehiago; Igeldoharriko tokietan topatuko duzue. Arteak edozein lur mota jasan dezake, nahiz eta Euskal Herri hezean lur karetsu axalak nahiago dituen, zuhaitz hostoerorkorrek baino hobeto eusten baitio udako lehorteari. Hotza ere hobeki jasaten du arteak, eta horregatik aurki daiteke espezie hori Pirinioan, adibidez.
Gipuzkoa aldean artea zein artelatza ahaztuxeak ditugu, pagoa, haritza edo lizarra baino geldoago hazten baitira. Baina klima aldaketa dela eta, baietz biak ugaritu! Imajinatu etorkizuneko euskal abizenak: Artadizabal eta Artelazmuino.
