Kareharria eta hareharria

Erabiltzailearen aurpegia Herrio natur taldea 2026ko maiatzaren 31

Hareharria Orioko hondartzan. (Onintza Lete Arrieta)

Aia-Orio Guka aldizkariko apirileko Aurkia eta ifrentzua ataleko irudiak dira honakoak. Herrio natur taldeko kide Garbiñe Manterola da testuaren egilea.

Hizki bakarra dute dantzan kareharriak eta hareharriak, eta itxura ikusita, bi senide oso ezberdin direla pentsatzen du askok, baina biak ala biak arroka sedimentarioak dira. Itsas hondoan sor daitezke biak, baina modu desberdinean, bata biologikoagoa, bestea fisikoagoa.

Kareharria itsaso zaharren lanaren emaitza da: koralak, maskorrak eta beste izaki txiki askoren kondarrak pilatu, zapaldu eta milioika urteren poderioz harri bihurtu dira. Biologiatik abiatu eta geologiara salto egin duen harria dela esan daiteke. Bere ezaugarri ederrena uretan disolbatzen dela da, eta horregatik, paisaia dotoreak sortzen ditu: zuloak, leizeak eta lurpeko galeriak. Altxerriko kobazuloa da kareharriaren adibide polita. Gizakiaren eta naturaren arteak bat egiten duten lekua. Pertsonek margotutako bisonteak eta urak eraikitako estalaktitak elkar hartuta topatuko ditugu bertan.

Hareharria, berriz, beste upeleko sagardoa da. Arroka zaharrak higatu, harea aleak sortu eta ibaiek, haizeak edo itsasoak garraiatuta pilatzen dira. Denborarekin zementu natural batek ale horiek itsasten ditu, eta hareharria sortzen da. Ez da hain artistikoa, baina badu bere xarma ere. Alez osatutako testura eta kolore beroekin ikusiko dugu Antillako hondartza inguruan. Baita Goikokaleko hainbat etxetako harri blokeetan ere, lantzeko nahiko erraza da eta. Adibide politena Salatxo paretik ikus dezakegu: San Nikolas eliza hareharriz egina, handiagoa den hareharrizko arroka izugarri baten gainean. Hareharriaren geruzetan itsasoaren sinadura ere ikus daiteke, ripple izeneko zimurtxoetan, alegia, olatuek utzitako uhintxoetan. Antzinako olatuen argazki fosilizatuak direnak.

Beraz, naturaren bikote bitxi horretan, kareharria izango litzateke memoria handiko liburu zaharra, itsaso zaharren bizidunen kondairak jasoko dituena; hareharria, berriz, bitakora kaiera praktikoa, hondartzatik etxeko hormetara aldatzen dena, eguneroko erabilerarako egina.

Altxerri kobazuloko kareharria. (utzitakoa)

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide