Urubia eta hontza zuria. Biak hontzak, biak sagu ehiztari amorratuak. Harrapatutako saguak oso-osorik irensten dituzte eta digeritu ezin dituzten ile eta hezurrak oka botatzen dituzte, kaka itxurako pilota luzanga moduan. Borda zaharren baten inguruan horrelako bat topatzen baduzu, bertan bizi diren sagu espezieen berri izan dezakezu. Sagurik ez denean, berriz, txori harrapatzaile iaioak dira biak.
Hontza guztiak bezala, luma leun-leunekoak, hegan batere soinurik atera gabe egiteko. Izan ere, ikusmena ona duten arren, entzumen harrigarriari esker topatzen dituzte ehizakiak, horiek ohartu gabe gainera! Biek eguna ezkutuan pasatu nahi izaten dute, egun argiz txoriek ikusiz gero eraso egiten baitiete. Nonbait, iluntasunaren abantailarik gabe ez dira hain beldurgarri txori azkarrentzat. Inoiz sumatu duzu txori saldo bat, zerbaiti oihu eta erasoka? Hontza baietz!
Antzekoak bai, baina ez dira berdin-berdinak. Urubia basozalea da, hontza zuriak paisaia irekiak nahiago ditu. Hala ere, maiz toki berean aurkitzen dira. Aian zein Orion biak ikusi eta, batez ere, aditzen dira. Urubiak beldurrezko pelikuletako ulua du, "uh, uh, uuh, uuuuh", ilunabarrak mendian harrapatu duen pertsona urduritzen duena. Hontza zuriak, berriz, "shhhhhhh" luzea. Zenbat jende ez ote du goizean goiz, lanera zihoala, aztoratu: nor ari zait etxe horretatik isiltzeko agintzen? Eta zenbat kondaira ez ote du sortu, "shhh shhh shhh" horrek, gaztetxo kuadrilen artean, gauean hilerri inguruan mamu baten arnasa ustez sumatuta?
Gutxitan ikusten diren arren, bi espezieak egoera onean ditugu gurean. Hontza zuri kopurua zertxobait murriztu da Arabako lautadan, nekazaritza lurretan izandako aldaketengatik, baina Urola Kostan biak ugariak dira. Arriskurik badute, hala ere: saguen eta arratoien kontrako pozoia edo borda zein ermitetan egiten diren zaharberritze lanak, habia egiteko tokiak hondatu ditzaketenak. Neguko hotzak baretzen hasi diren honetan, iluntzean edo egunsentian, erne belarriak! Ea "uh, uh, uuuh" eta "shhhh" horiek bereizteko gai zaren.
