2015eko urriaren 28an ohiko udal plenoa ospatu zuen Orioko udalak. Bertan, galdera eta eskarien denboran EH Bilduko zinegotzi Gotzon Igoak alkateari ondorengo galdera luzatu zion: “Orain aste parea edo Motondo inguruan aeromodelismoko hegazkin txikiak ikusi ditugu berriz, nork eman du horretarako baimena?”. Joxe Anjel Zaldua alkateak erantzun zuen baimena berak eman zuela pertsonalki eta telefonoz. “Club Aeromodelismo Moskito R.C.” taldeko norbaitek telefonoz deitu omen zuen baimena eskatuz eta telefonoz erantzun omen zion bere baimena zutela beraien ekintzetarako.
Publikotik, herritar batek udalean baimenen eskariak zer prozedura jarraitu behar duen galdetu zuen. Idazkariak prozedura azaldu zuen:
• Baimena beti idatziz aurkeztu behar da udalean.
• Baimenaren gaiaren arabera, dagokion udal teknikariak idatzizko txosten teknikoa idatziko du, baimena ematearen edo ez ematearen alde.
• Alkateak, txosten teknikoan oinarriturik, baimena emango du, alkate dekretuz.
Alkateak beraz, prozedura jarraitu gabe “Club Aeromodelismo Moskito R.C.” ri baimena eman ziola onartu zuen.
Publikotik, Herrio natur taldeko kideek jakinarazi zuten, 2014ko otsailaren 11ean, Orioko udal arkitektoak txosten teknikoa idatzi zuela argi adieraziz “Club Aeromodelismo Moskito R.C. ” taldearen ekintzek ez zutela bat egiten inguru horri dagokien erabilerekin. Txosten horretan “Club Aeromodelismo Moskito R.C.” taldeari Motondoko lurretan zituen materialak jaso eta ingurua husteko beharra azpimarratzen zen. Ondorioz, Beñat Solaberrieta orduko alkateak alkate-dekretu bitartez, eta egun horretan bertan, “Club Aeromodelismo Moskito R.C.” ri ingurua uzteko eskakizuna bidali zion. Itsas Enara Ornitologia elkarteko kide batek alkateari irakurri zion txosten teknikoaren zati bat, eta azpimarratu erabilera jakin batzuk bakarrik daudela onartuak eremu horretan, 2012ko urrian onartutako Plan Orokorraren testu bateratuari jarraituz, berau baita indarrean dagoen Udal Araudia. Alkateak araudiaren berri izan behar duela gaineratzen dio. Itsas Enarako kideak bi eskaera egin zizkion alkateari: bata, ikusirik baimenik ez dela, ez legezkorik ez legez kanpokorik, idatz diezaiola Moskito Klubari esanez gaizkiulertu bat izan dela eta ezin dutela Motondon jardun; bestea, berak, edo bestela oposizioak, eska diezaiola Idazkariari berariaz eta idatziz egin dezala legezkotasun-txosten bat gertatutakoari buruz.
Alkateak legezko prozedura ez bete izana larria da eta dagokion neurri zuzentzaileak hartzea eskatzen dugu, bide batez, hurrengo baimen eskakizun guztietan prozedura jarraitzeko eskatuz. Ez da nahikoa, plenoan esan bezala, gaia aztertzea. Bere erruaren ardura onartu behar du eta lehenbailehen neurri zuzentzaileak hartu, besteak beste “Club Aeromodelismo Moskito R.C.”ko arduradunei baimenaren ilegaltasunaz jakinaraztea.
Orion, 2015eko azaroaren 4ean
Herrio natur taldea
Itsas Enara Ornitologia elkartea