Gazteen osasun mentala oinarri duen Zurrunbiloa proiektua osatu du Elhuyarrek, eta proiektuaren arduradunetako bat da Aitziber Agirre Orioko bizilaguna, Garazi Andonegirekin batera.
Hiru fase ditu egitasmo horrek, eta aurrenekoan, adituekin eta testigantzak eman dituzten lau gazterekin bost-ikusentzunezko osatu dituzte. Lehen fase horrek ETBren babesa du, eta Zurrunbiloa saioaren bost atalak bertan emango dituzte. Inguruan min ematen duenean izenburuko lehenengo atala atzo, asteartea, 23:45ean eman zuten Euskal Telebistaren lehen katean. Gainera, Zurrunbiloa.eus webgunean eta Primeran plataforman ikusgai jarriko dute.
Testigantza eman duten lau gazteez gainera, zientziaren "ikuspegi eraikitzailea" emango duten hamar adituk parte hartu dute Zurrunbiloa proiektuan: soziologoek, neurozientzialariek, farmazialariek, psikologoek, sexologoek, psikiatrek, irakasleek, osasun digitaleko adituek… "Eta denek bat egin dute: sustrai soziala du krisi honek", azaldu du Elhuyarrek egitasmo berrriaren aurkezpenean.
Proiektuaren bigarren fasean, "komunitatetik erantzuteko baliabideak sortzeko asmoz" Elgoibarren (Gipuzkoa) herri mailako diagnostiko bat egingo dute Elhuyarrekoek. Eta hirugarrenean, berriz, gizarteari emango diote protagonismo osoa, eta bi urteko ondorioak oinarri hartuta, hausnarketa prozesu bat irekiko dute herrian nerabeen inguruan lan egiten duten eragileak kontuan hartuta.