Parisen amaitu berri dira 2024ko Olinpiar Jokoak, baina uztail hasieran, Diamond League ere jokatu da han, eta Oriorekin lotutako unerik ere egon da. Aiar batek, izan ere, honako bideoa bidali dio Orio Gukari, azalduz seigarren minutuan ikusleen artean gizon bat ageri dela Orio Arraunketa Elkartearen aspaldiko elastiko bat jantzita –CEPSAk babesten zuenekoa–. Yaroslava Mahuchikh atletak munduko errekorra hobetu ondorengo uneak dira.
Joxemari Olasagasti arraun adituari galdetuta, horrek azaldu du arraun elkartea sei urtetan izan zela Orio CEPSA, 1991tik 1996ra, baina 1991n gaineko kamisetak zuriak zirela, eta ez horiak. 1992an, berriz, horiak ziren jada, eta hortaz, elastiko hori urte hartakoa da. Duela 32 urteko elastikoa soinean zuela izan da Olinpiar Jokoak ikusten, beraz.
Orio Gukak galdetzen zuen ea nor ote zen ikusle hori, eta erantzuna laster asko iritsi da: Gonzalo Sukunza omen da, atletismoan aditua eta Orio zalea. 1990eko hamarkadan Orioko traineruarekin entrenatzen zuela ere jakin du hedabide honek.
[13:30ean eguneratutako artikulua]