Herriko aisialdi eta kultur eskaintza zabaldu eta bereziki bertsozaletasuna sustatzeko asmoz, maiatzean sinatu dute Errikotxia Bertsozale Elkarteak eta Orioko Udalak 4 urteko iraupena izango duen hitzarmena. Errikotxiaren aldetik Rosi Lazkano, Elkarteko lehendakaria eta Orioko Udalaren aldetik Anuska Esnal, Orioko alkatea, izan dira hitzarmena berretsi dutenak eta bien aldetik azaldu dute elkarlanerako borondatea.
Errikotxiak herrian antolatzen diren bertso-saioen antolaketan parte hartzen du. Gainera, bertsotan ikasi nahi duten haur, gazte eta helduei bertso-eskolak jasotzeko aukera eskaintzen die. Gaur egun, jarduera honetara zuzendutako hainbat talde ditu, adin eta maila ezberdinetako haur, gaztetxo eta helduz osatuak.