EH Bildu, Urola Kostako Udal Elkartea

Erabiltzailearen aurpegia EH Bildu Orio 2015ko mai. 7a, 22:17

"Lau urtetako balantzea" / "Hurrengo legealdira begira".

EH Bildu Urola Kosta  /  Lau urtetako balantzea

Orain dela 4 urte, herritarrek emandako babesari esker, EH Bildu Urola Kostako udaletxe ia guztietan gobernatzera iritsi zen. Eta harrokeriarik gabe esan dezakegu gauzak ondo egin ditugula, eta datuak hor daude:

1. Gipuzkoako bataz besteko langabezia tasa baino baxuagoa da Urola Kostakoa. Lurralde historikoan langabezia %13,74koa den bitartean, gure eskualdean langabezia tasa %11,6koa da. Datu hori bereziki aipagarria da, kontutan izanda Gipuzkoa dela Euskal herri mailan eta estatu mailan langabezia tasa txikiena duen herrialdea. Hau da, Gipuzkoa baldin bada Euskal Herri mailan eta estatu mailan langabezi tasa txikiena duen herrialdea, gu bi eremu horietan aitzindari gara zalantzarik gabe. Eta hori denon lorpena bada ere, enpresariena, erakundeena eta gainontzeko eragile sozio-ekonomikoena, batez ere Urola Kostako langileriaren lorpen bat dela nabarmendu nahi dugu EH Bildutik, langileak baitira gure ekonomiaren motorra. 

2. Baina ondoko eskualdeak eta herrialdeak baino hobeto egotea guretzat ez da nahikoa, inolaz ere, eta gure udaletatik langabetuan dauden bizilagunak, edo lanpostua izan arren, oso baldintza txarretan dauden herritarrak babestea, laguntza sozialik gabe ez uztea, izan da helburu nagusia. EH Bilduren lehentasuna lau urte hauetan krisiaren ondorioei aurre egitea izan da. Nahiz eta larrialdi ekonomiko egoera batean gobernatu behar izan, Urola Kosta murrizketarik gabeko eskualdea da gaur egun. 

3. Aldi berean, krisiaren atzean dauden arrazoiei heldu diegu, egun bizi dugun krisiak ez baitu aterabiderik bestelako eredu bat sortzeko gai ez bagara. Horrela, gure ehun ekonomiko eta produktiboa eraldatzeko lehenengo pausuak eman ditugu legealdi honetan zehar. Adibidez:

*)        Foro sozioekonomikoa bultzatu dugu, enpresekin eta lanbide eskolekin elkarlanean. Foro honen bitartez, ekonomiaren egoeraren diagnosia egin eta enplegu plan bat bideratu dugu, ohiko orientazio zerbitzuez eta sustapen planez gain, langabeziaren kontrako programa konkretuak abiatuz. Oraintxe osatzen ari garen brigada programa hauen adibide gisa balio dezake.

*)        Turismoak garrantzia handia du gure eskualdean. Turismoa indartzeko hainbat suspapen eta promozio ekitaldi egin ditugu. Tartean, turismoaren dinamizazio plana berritu dugu, gastronomia, natura turismoa eta beste hainbat aukera irekiaz denboraldiz kanpoko turismoa erakartzeko. Garbi dugu udako turismo masiboan oinarritutako turismo eredua aldatzeko beharra.

 4. Agortuta dagoen eredu ekonomiko honen beste ezaugarrietako bat da ingurugiroari  egundoko kalteak sortzen dizkiola. Atal honetan aurrera pausuak oso nabarmenak izan dira lau urte hauetan. Hainbat urtetako eskariei erantzuna emanaz, Urtetako zabortegia itxi dugu azkenean.

Hondakinen birziklapenean ere aurrerapausu handiak eman ditugu. Besteak beste, birziklatzeko etxolak jarri ditugu, eta sentsibilitate kanpainak ere bultzatu ditugu. Une hauetan 11.500 familiak bereizten dute organikoa, eta 791k konposta egiten dute. Birziklapen tasa ere igo dugu, 2011ko %35,13tik 2014ko 45,44ra.

5. Eta hau dena lortzeaz gain, politika egiteko formetan ere gauzak beste era batean egin daitezkeela demostratu dugu. Lehenengo minututik, gure udaletxetako ateak eta leihoak ireki genituen, herritarrengana hurbilduz, urtetako politika egiteko erak irauliz. EH Bilduren gobernatzeko estiloa ez da bulego itxi batean lau teknikariekin batera erabakiak hartzen ibiltzea. Gure eredua herritarrekin batera gobernatzea da, kalera ateratzea, herritarrei erantzutea, bere nahiak eta beharrak entzutea eta gero denon artean erabakitzea. Argi dago arlo honetan oraindik asko daukagula egiteko, baina pausuz-pausu joan gara eta legealdi honetan hamarnaka prozesu parte hartzaile egin ditugu. Adibidez, aurrekontu parte-hartzaileak bultzatu ditugu. Zarauzko kasuan gainera parte-hartze prozesu horietatik Ehuntzen programa sortu zen 2013ko Urrian, herritarren proposamenekin osatutako 100 puntuko plan herritarra. (betetze datuak eman). Adibide gehiago ere badira noski, Zumaiako Odieta-San Joseko plan berezia adibidez.

EH Bildutik garbi dugu ezinbestekoa dela pertsonen konpromisoa bultzatzeko partaidetza lantzea. Horregatik, partaidetza eta Konpromisoa izeneko proiektu bat lantzen ari gara eskualdeko ikastetxeekin.

Hurrengo legealdira begira

Lau urte hauetan EH Bilduk beste era batean gobernatu daitekeela erakutsi du. Eta hurrengo legealdira begira ideia berriekin gatoz; ondo egindakoa aintzat hartuz, gaizki egindakoak alboratuz, eskaintza berritua dugu esku artean. Baina helburu berdina da, herritar guztien interesen alde gobernatzea eta ez gutxi batzuen pribilegioak mantentzeko. Hori baita, gure ereduen helburu nagusia.

Maiatzaren 24an, EH Bilduren papeletak egongo dira eskualdeko herrietan: Zarautz, Zumaia, Orio, Getaria eta Aian aurkeztuko da EH Bildu. Noski, herri guztietan egongo da hauteskunde egunean Foru hauteskundeetarako papeleta ere.

Laburbilduz, Urola Kostan aldaketa politikoa eta soziala norabide onean, martxa onean doa. Eta ez dugu dudarik talde honek kinta sartuko duela, bosgarren martxa, Urola Kosta egun baino solidarioagoa, justuagoa eta euskaldunagoa bihur dezagun guztion artean, modu horretan eta ez bestela, izango baikara herritar guztiok garaile maiatzaren 24ean.

Beste batzuk, ordea, Urola Kostan eta Gipuzkoan ere martxatrasa sartu nahi dute, garai bateko politika eredu zaharrena bueltatzeko, gutxi batzuen pribilegioen garaietara, enpresa handien monopolioen garaietara, errauskailuan oinarritutako eredura eta goitik beherako politikak egiten ziren garaietara itzuli nahi dute. Baina ez, EH Bilduk demostratu du gauzak beste era batean egin daitezkeela eta gainera, EH Bilduren ereduak emaitza ezin hobeak ematen dituela. Eta horretan sakondu nahi dugu hurrengo lau urtetan.

 

 
   

Urola Kostako Udal Elkartea

2015-05-07

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide