2019ko ekainetik Urolako Komunikazio Taldea (UKT) kooperatibako kide da Karkara. Urola Erdiko eta Urola Kostako euskarazko hedabideak egitura bakarrean antolatu gara, indarrak batu eta gure komunitateei ahalik eta informazio eta komunikazio zerbitzu onena euskaraz eskaintzeko. Kooperatibara batu gara Karkara (Orio-Aia), Baleike (Zumaia), Uztarria (Azpeitia), Maxixatzen (Azkoitia), Urola Kostako Hitza (eskualde osoa) eta Erlo Telebista (eskualde osoa), eta denon artean komunikazio talde multimedia indartsua osatu dugu.
Irabazi asmorik gabeko kooperatiba da gurea, gure hedabideek beti izan duten izaera sozialari eta parte-hartzaileari segida emateko. Gure herrietan sustraitutako hedabide taldea gara eta hala izaten jarraitu nahi dugu. Eta orain, gainera, taldeak ematen duen indarrarekin. Denok elkartuta, 30 bat langilez osatutako lan taldea osatu dugu, gai dena herriz herri dauzkagun hedabideei erantzuteko eta hobetzeko, eta aurrera begirako proiektu berriak prestatu eta garatzeko.
Gaur egun, honako produktu hauek argitaratzen ditugu:
KARKARA aldizkaria 1989an sortu zen Orion eta, hasiera-hasieratik, euskaraz argitaratu da. Aurreneko urtean bi zenbaki atera ziren: bat ekainean, San Pedro festetan; eta, bestea, abenduan, sanikolasetan. Ondoren, hiruhilabetekaria izatera pasa zen. Lehendabiziko zenbaki haietan gai nagusi baten inguruan antolatzen zen edukien mamia.
1992an aldaketa handiak izan ziren aldizkarian: alde batetik, hilabetekari izatera pasa zen eta, bestetik, autoedizio ekipo baten jabe egin ginen eta, beraz, aldizkaria geronek maketatzen hasi ginen. Itxura erabat aldatu genion eta herriko gai orokorrak jorratzen dituzten beste herri aldizkarien tankera hartu zuen, sail finkoak eta informazioa askoz ere modu antolatuagoan eskainiz.
Hurrengo pausoa 1994an eman genuen, aldizkariaren esparrua Aiara ere zabaldu genuenean. Ordura arte Orioko aldizkari zena, Orio eta Aiakoa bihurtu zen; eta halaxe segitzen du geroztik.
2000ko urteko irailetik aurrera hamaboskari da KARKARA eta horrek herriko informazioari tarte zabalagoa eskaintzeko aukera eman zigun. 2004an egin genion azken itxura aldaketa eta Goio Aranak sortu zuen aldizkariak gaur duen diseinua. Dagoeneko euskarazko berri emaile bakarrak ez gara Orion eta Aian, 2003 urtetik aurrera Urola-kostako Hitza argitaratzen delako egunero. Horrek ere ekarri ditu aldaketak gurean eta iritzi eta bestelako kolaborazioak leku zabalagoa hartzen joan dira KARKARAn.
Herri aldizkarien mugimendu zabalean koka genezake KARKARA ere. Helburu nagusia hau du: ahalik eta jende multzo zabalenari euskaraz irakurri eta komunikatzeko aukera ematea, horrela euskararen normalizazioa bultzatuz. Kontuan hartu behar da, aldizkaria sortu genuenean, euskara eta bere garapena irakaskuntzaren eskuetan utzita zegoela; garai hartan ez zegoen eta gaur egun ere, ez horrenbeste euskara hutsean argitaratutako prentsarik.
Bestalde, komunitate txikietan sortzen den bizitza eta gertakizunak oso urruti geratzen dira ohiko komunikabideentzat; beraz, ukitu gabeko esparrua genuen.
KARKARA hitzak kalexka edo pasabidea esan nahi du Orion: kale nagusiak lotzen dituen bidea. Eta horrek euskarak zuen/duen egoera islatzen du oso ondo: kale nagusitik kanpo dabilela oraindik, alegia. KARKARAk, gainera, herriko izena izanda, herriarekin dugun lotura azpimarratzen du.
KARKARA Taldea deituriko elkartek argitaratzen du aldizkaria. Taldearen osaketak, normala denez, gorabeherak izan ditu urte hauetan. Gaur egun zortzi-hamar bat lagun aritzen gara, eta horietatik lau hasiera-hasieratik gaude proiektu honetan. Euskararen inguruan mugitzen den jendea gara, batez ere: irakasle, euskara teknikari, ikasle eta kazetariak
Finantziazio mistoa du KARKARAk, gure diru iturriak anitzak dira. Herri Erakundeetatik jasotzen dugu zati bat Orio eta Aiako Udalek, Diputazioak edo Eusko Jaurlaritzak emandakoa, publizitatearen bidez etortzen zaigu beste zati bat eta, azkenik, urteko kuota ordaintzen duten herritarren laguntza ere badugu.
Oriotar eta aiar guztiei euskaraz irakurtzeko nahiz idazteko aukera eman nahi diegu aldizkariaren bitartez. Horretarako, bi herrioi buruzko informazioa, iritzia, gertakizunak, istorioak eta abar baliatzen ditugu. Bizi-bizia da, beraz, eta gertutasunak izugarrizko indarra ematen dio gure lanari eta horren eraginari. Orioko eta Aiako etxe guztietan jasotzen da KARKARA eta doan banatzen da.
Bezero heterogeneoa da KARKARAren irakurlea eta buruhauste handiak ematen dizkigu guztiontzat balekoa izango den produktua lortzea. Alde batetik, euskara idatziari beldur diotelako askok, euskaraz alfabetatu gabeak; iruditzen zaie berria dela, diferentea, jende ikasiak bakarrik uler dezakeena. Iritzi horretakoa zen jende heldu asko, nahiz eta orain, pixkanaka-pixkanaka, hori aldatzen ari den. Bestalde, ezin diogu uko egin hizkuntza normalizatuaren erabilpenari eta euskara batua hautazea oso garbi izan genuen lehen momentutik, nahiz eta kasuan kasu, euskalkiari ere tokia egin eta, ia beti, gure herrietako hiztegia, esamoldeak edo joskera mantentzen ditugu.
Oreka lortzea zaila izan da: euskara batura jendea hurbiltzeak, euskara ikasteko tresna bihurtu du KARKARA eta, bestalde, ikasketak euskaraz egin dituztenei materiala eskaini die, eskolako testu eta irakurgaiaz aparte, herriarekin denok ditugun harreman eta loturak sendotuz.
KARKARA komunikabide bat da, kalitatezkoa eta erakargarria izatea nahi duguna, baina ez hori bakarrik, elkar lana ere bai: guztiontzat pentsatua, guztioi elkar ezagutzeko eta elkar bizitzen lagunduko diguna. Eta, jakina, euskaraz; euskara bideratuz, ezagutuz, ikasiz eta irakatsiz.
KARKARA taldea