Jon Ander Azpiroz herritarren galderak erantzuten hasi da

Aiora Larrañaga Solaberrieta 2023ko mai. 24a, 13:00

Jon Ander Azpiroz herritarren galderak erantzuten hasi da

Datorren maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan, Aiako EAJren alkategaia izango da Jon Ander Azpiroz.

1. Pandemiaren inguruan, auzitegi konstituzionalak kondenatu zituen gizartearen eskubideen indibidual eta kolektiboen inguruan zein da zure iritzi edo posizioa? Bizi izan genuen Osasun alarma horretan, hartu ziren neurri guztien alde al zaude? Naiz eta giza eskubideak eta lege konstituzionalak zapaldu eta gainditzen baiziren ere?
Peio

Egun on
Pandemiako egoera guztiontzat berria izan zen, egia esan ez dakit auzitegi konstituzionalak zein kondena egin dituen eta, nahiz eta guztiak ez ditudan ezagutzen seguraski ez naiz, pertsonalki guztiekin ados egongo. Herritarrok, konturatu baikinen egunerokoan praktikara eramatea ez zela oso eraginkorra batzuetan, eta besteetan zentzu askorik ez zuela, Aia bezalako landa eremu batean edo Donostia bezalako hiri batean neurri berak hartzea.

2. Hurrengo hauteskundetan, herrian batzarre edo plataforma bat sortu da aukera berri bat bezela. Zein da honen inguruan zure iritzia? Demokrazia horizontalean oinarrituta dagoela dirudi, hau da herritarron partaidetza eta guztion arteko erabakietan. Nola ikusten duzu herria aurrera eramateko aukera edo eredu hau?
Peio

Egun on
Lehendabizi eskertzekoa da herriaren alde lan egitera datorren ororen borondatea, nola plataforma honena, hala Eh Bildutik doazena, eta baita EAJrekin datozena ere; bere burua, familia eta ingurukoez aparte, beste zerbait ere maite dutela adierazten dutelako.
Plataforma hau, beste aukera bat da, erakundeetara (kasu honetan udalera) joateko beste tresna bat. Plataforma horretan doazenekin lehen ere izan dugu harremana, orain ere bai eta gero ere izango dugu, azken batean herritarrak baikara guztiok, eta herria hobetzeko asmoan baitatoz. Auzo biziek egiten dute herri bizia, Aiak auzo asko ditu, eta iruditzen zait hobetzen lagun dezaketela.

3. Dakigun bezela, Euskal herri mailan proiektu eolikoak ari dira onartzen eta beste asko planteatzen. Herri batzuetan, herritarrak beren desadostasun orokorra aipatu dute uldalari eta bertan mozio bat aurkeztu nahi izan dutenean udalako alkatea eta zinegotziek ez diete onartu. Ondo iruditzen zaizu UDAL batek beren herritarrei horrelako gai baten inguruan uko egitea? Zein da zure iritzia planteatzen eta proiektatzen ari diren eolikoen modelo honetan? Aiako biztanleak proposamen hauen aurka badaude zein izango da zure kompromezua?
Mikel

Egun on
Herritarrek mozio bat aurkezten dutenean, eztabaidatzeko aukera izan behar dutela iruditzen zait. Auzoetan egin ditugun bilera batzuetan, atera da gai hau, herritar batzuk arduraz ikusten zutela gai hau, nahiz eta gure herriaren zati batean aurreikusten zen eremua, azkenean LPStik kanpo geratu.
Herritar gehienok egongo gara energia berriztagarrien alde, geuk ere programan sartu dugu, eguzki energia aprobetxatu dezakegula iruditzen baitzaigu. Baina alboetako herrietako udalbatzarretan onartu dituzte proiektu eolikoak, bai Zizurkilen, baita Errezilen ere. Biak ala biak, Aiarrok ederki ikusiko ditugu, baina Aiarrok ez zait iruditzen etekinik atera ahalko diegun. Aztertu, informazioa jaso eta hitz egiteko gaia dela iruditzen zait. Izan ere, interesa azaltzen ari diren enpresen aurrean, Aia bezalako udalerri bat oso txiki geratzen da honelako enpresen aurrean, diru askorekin joaten baitira lur-jabeengana. Ez dakit udal bezala zer egin daitekeen, foru-aldundiaren aurkako txostenek ere baliorik ez dutenean, hori jakin behintzat egin beharko dugu. PTSetik kanpo geratzeak zein alternatiba uzten dituen aztertzeko konpromisoa hartzen dut.

4. Kaixo, ticket bai-aren imposaketaren inguruan zein da zure iritzia? Ostalaritzako autónomo askoentzako haien negozioak ixteko azken kontrol neurria izan da eta ez dira gutxi izan. Legekoa eta biztanlerian pentsatzen duen neurri bat dela uste duzu? Zure esku balego, zer egingo zenuke honen inguruan?
Itziar

Egun on
Ticket bai, Gipuzkoako Batzar Nagusietan onartu zen, ez zen inongo negozio ixteko kontrol neurri bezala hartu, baizik eta irabazi guztiak deklaratzeko neurri bat bezala. Bakoitzak, irabazten duenaren arabera eman eta behar duenaren arabera jaso behar duenaren printzipioari hartutako neurri bat dela iruditzen zait. Datuen arabera ehuneko handi batek ezarri du Gipuzkoan, eta herritar bezala zerbitzu egoki eta aurreratuak eduki ahal izateko ekonomia indartsu bat behar dugula iruditzen zait. Nik Aian, kontsumitu izan dudanetan eskatu beharrik gabe erakutsi didate ticketa. Baita merkatuetan egon diren baserritarrek ere, gainera Aldundian egon garen tartean, laguntzak eman ditugu neurri hauek errazago inplantatzeko.

5. ABB Batzarre edo plataformakoei egindako galderetan, pandemiaren inguruan egindako galderak eta alkategaiaren erantzuna interesgarria iruditu zait. Denok dakigu auzitegi konstituzionalak, bizi izan genituen eskubide indibidual eta kolektiboen murrizketak kondenatu egin zituela. Oraindik horrela gobernuko inorrek ez du inolako ondoriorik izan beren ekintzengatik. Legea ez da denetzako berdin? Auzitegi konstituzionalak kondenatu ondoren, estatuko gobernuko eta autonomietako gobernukoek ez al lukete horri buruz erantzun beharko? Zein da zure iritzia?
Maria

Egun on
Beste galdera batean erantzun dudan bezala ez dakit zehazki auzitegi konstituzionalak zein kondena egin duen. Esan bezala egoera berriak zen guztiontzako, eta neurri batzuekin agian ez naiz ados egongo. Herritarrek eta medikuek neurriak eskatzen zituztenean, ez dut uste inor fede txarrez jardungo zenik; zuten informazioarekin, eta honelako egoeretan adituak zirenei entzunez, erabakiak hartuko zituzten.

6. Nola uler daiteke 11 zinegotziko udalbatza bat izanda, dena alkate bakar batengan zentralizatuta izatea? Alkate ateratzen bazara, legegintzaldi berrian horrela jarraituko edo ardura banaketa bat izango da, herritarren eta eragileen partehartzea ziurtatuz, batzordeen bitartez edo? Inguruko herrietako esperientziek eraginik izango dute aurrera begira?
Mikel

Egun on
Udalbatza eta alkateaz gain, gobernu batzorde bat badago egun. Aiako udalean, alkateak, nahiz eta legeak egiteko batzuk bere gain uzteko aukera ematen dion, gobernu batzorderen gain dauzka utzita hainbat eskumen. Bertan, udalbatzarra osatzen duten bi alderdietako zinegotziak daudelarik.
Bestalde Aian jai-batzordea dugu, kaskoko festez gain, beste hainbat ekitaldi antolatzeaz arduratzen dena. Auzoetako jaiak, auzoetan antolatzen dira.
Kultur ekitaldiak egiten hasi ginean, deialdi bat egin genuen, herritarrek parte-hartu zezaten ekitaldien aukeraketetan, ez zen jende asko agertu, eta ekarpenak onartu eta agendan sartu ziren. Hobetzen joan beharko dugu herritarrek parte-hartu dezaten, Gazte Asanbladakoekin daukagun elkarlana oso ilusiogarria, gustatuko litzaiguke hainbat gaietan herritarrekin batera egitea.

7. Gi-2631 errepideko 19,2 km-an, Erreizta inguruan, bide segurtauna arriskuan izaterainoko arrakalak egon ziren. Egoeraren larritasuna zergaitik ez zen lehenago detektatu?Bere garaian, ibilgailuak segurtasunez eta legez, ibilgailuak aurreratzeko modu egokian ezagutu izan dugu. Foru Aldundiak egindako eskuartzearen ondoren, 40km/h- ra jaitsi dute abiadura eta ezin da ibilgailurik aurreratu. Konforme zaude eskuartzearen emaitzarekin?
Ainara

Egun on
Asko larritzen gaituen errepideko puntua da, nahiz eta Foru Aldundiaren eskumenekoa izan, herriak eta herritarrok pairatzen baitugu. Momentuan eskuhartze bat egin zuten, baina ez zen horretan geratu gaia, sarriago zaindu beharra zegoela onartu zuten.
Antza denez, Gipuzkoan antzeko beste 10 kasu inguru omen daude, hau da, etengabe mugitzen ari diren mendi magalak eta horien gainean dauden errepideak gero eta beherago. Aldundiari, zer soluzio zeukan aztertzeko proiektua egiteko eskatu eta konpromisoa hartu zuten, horretan dihardute orain. Datorren legealdira begira, horrentzako konponketa egiteko gure esku dagoen guztia egingo dugu.

8. Onezkero jakitun izango zera Andatza auzoan bizilagun bat arazoak sortzen ari dela, bere etxe albotik pasatzen den orori, irainak eginez eta jokaera txarrez egiten. Udalaren aldetik, uste dut, ezgaitasun handia ikusi da egoera honekiko ekintzak zuzentzaileak aurrera eramateko, honelako kasuen aurrean zer egin dezakegu auzotarrok? Eskerrik asko
Ibai

Egun on

Zerbait entzun dut, eta egoera hori zuzentzeko aukera ezberdinak ikusten ari gara arkitekto teknikoarekin batera egokiena zein izan daitekeen aztertuz. Modu batera edo bestera, baina soluzioren bat eman behar zaio egoera horri, ezingo dugu, pasa behar dugun aldiro ertzaintzari deika aritu.

Eskerrik asko zuri

9. Udal ekipamenduetan, eskolan, gaztelekuan...gauez, argia piztuta egon oi da. Energia xahuketa ekiditeko planik ba al dago? Beste herri txikietsn "Next generstion" laguntzak baliatu zituzten, herriko etxeetan eguzki plakak doain ipintzeko eta 5 urteko mantenua barne. Aiak eskuratu al ditu laguntza horiek?
Ainara

Egun on

Gehiegitan ikusi izan ditugu piztuta egia esan, beharrik ez zegoenean. Lehendabizi egin dena, auditoria energetiko bat eskatzea izan da, zenbat gastatzen dugun, zein bonbillak gastatzen duen gehiago, zein energia iturri den eraginkorrena, zein komeni den aldatzea... azalduko diguna.
Txosten hori eskutan, eta Eusko Jaurlaritzak ematen dituen laguntzekin, udal eraikinetan plakak jartzeko asmoa dugu. Horretaz gain, herritarrok sentsibilizatu eta gai hauen inguruan formatzeko tailerrak era jarri nahi ditugu, energia kontsumoa gutxitzearen inguruan, argiaren fakturak interpretatzen jakiteko, bakoitzak energia-berriztagarriak bere etxean jarri ahal izateko eta abar. Salto kualitatibo bat eman nahi dugu, gai honekin legegintzaldi honetan, aukera onak daudela ikusten baititugu.

10. Kultur etxera sartzeko lehendabiziko atea oso extua da. Gurpildun ahulki bat duintasunez (edo gabe), pasa ahal liteke?
Ainara

Egun on

Bai estuegia da, agian batzuk pasa daitezke, baina beste ateren bat jarri beharra dagoela iruditzen zait, eta jartzeko asmoa dugu.

11. Frontoiko kumunera sartzerakoan, argia ez da beti garaiz pizten eta eskilarekin topo egiten dugu ilunpean. Ez al da istripurik gertatu?
Ainara

Egun on

Dakidala ez da istripurik gertatu, baina hezetasunak eragiten dituen arazoarekin bukatu beharra dago eta irisgarritasun aldetik egokitze bat eman nahi diogu komun horiei.

12. Gazteleku azpiko parkean, jolas gehiago ipini behar al dira? Skate " u" berria, behin betiko, dagoen lekuan geldituko da? Alkateak aipatu zuen, eskola berriaren behekaldea, honen gaineko bidearekin komunikatuko ote zen. Nola dago kontua?
Ainara

Egun on

Guraso elkartetik eskaera batzuk eginak daude eta erantzuten joan beharko zaie eskaera horiei. Skaeterako "U" badaezpada mugigarria ekarri zen, arazotxoren batzuk sortu dituela uste dut eta ikusi egin beharko da ea aldatzea ez ote den hobe izango. Bidea planteatzen zen berdegunean eskaera dezente etorri zaizkigu, denetarikoak, ikusi beharra dago denak uztargarriak diren.

13. EAJ, EH BILDU eta ABBrekin batera, PSOE ek ere atera du zerrenda Aiako udaletxerako. Herritarrik gabeko zerrenda izanik, ze iritzi duzu hauei buruz?
Ander

Egun on

Ez ditut ezagutzen, herritarrei beste aukera bat eskaini diete. Herritarrek aukera ezberdinak edukitzea ondo dagoela iruditu izan zait.

14. Zer iritzi duzu gobernuari pandemiari buruz aholkatu zuten "aditu" deiturikoen ez egoteari buruz? Eta estatuko gobernuak eta baita EAJk zuzentzen duen gobernu autonomikoak ezarritako konfinamenduaz, mugimendu murrizketez, giza eskubideen eta konstituzio eskubideen murrizketez? Eta maskarila eta covid pasaporteari dagokionez aplikatutako isun guztiei buruz, zeintzuk itzultzen ari diren legez kanpoko eta konstituzioaren aurkakoak izan direlako? Nola ordaindu behar dute ilegalizazio horiek guztiak egin dituzten politikariek herritarren aurrean? Osasun-alarma bezalako edozein aitzakia merezi du politikari gutxi batzuek nahi dutena egin eta indarrean dauden lege guztiak alde batera uzteko?
ENEKO

Egun on

Lehenagoko galdera batean erantzun dut.

15. Aupa JonAnder, azken urtetan kargu politiko batean egin duzu lan, alkatetza lortuko ez bazenute, hara itzuliko zinen lanera?
Jexux

Egun on

Niri, kargu politiko hori eskaini zidatenean 4 urterako onartu nuen. Oraingoan alkatetza gure taldeari egokitzen bazaio lau urterako hartuko dudan bezala. Kargu politiko bat ez da behin hartu eta listo izaten, hauteskunde batzuk irabazi behar izaten dira, gero negoziazioak egon daitezke, taldeak osatzen dira eta talde horietakoren batek dei zaitzake edo ez. Ez dago norberaren esku.
Ez naiz horretan pentsatzen jarri egia esan.

16. Pandemia garaian, Lardizabal eskolako guraso elkarteak, euritik babesteko babesa egiteko, diru- laguntza bat (eusko jautlaritzarena), zegoela jakinarazi eta aurkeztu zion Alkateari. Zergatik etzen baliatu diru-laguntza hori? Zenbat kosta zaizkigu obra eta alokatutako karpak?
Ainara

Egun on

Jaurlaritzak, ia urtero ateratzen ditu antzeko ekintzetarako laguntzak bai. Zehazki ez badakit ere 8.000€ pasatxo kostatu zen karparen alkilerra eta 3.500€ pasatxoko laguntza lortu zen.
Estalpea, uste zena baino zailagoa izan da, eskolako paretarekin arazo teknikoren bat zegoelako. 36.000€ pasatxokoa izan da inbertsioa eta laguntza aurten eskatzea tokatzen da.

17. Zer iritzi duzu trantsizio ekologikoaren Europako inposizioaz? Ados al zaude zentral fotoboltaiko eta eoliko handiak ezartzeagatik lur-balioaren azpitik ordaintzearekin eta desjabetzearekin? «Instalazio hauek nazioarteko korporazio eta agintariei soilik mesede egiten diete, ez diete kW bakar bat ere utzi kaltetutako herriei». Parke hauek ezartzeko nekazaritza-lurrik onena, adibidez, desjabetzen ari dira, eragina zuzena da, lehen sektoreko zereal eta pentsuen ekoizpena nabarmen murriztuz, adibidez. Ekintza hauek pentsuen prezioak igotzea eragiten dute lehen sektoreko nekazariak itotzeraino, ustiategiak ixtera behartuz. Noski, nolako kasualitatea horrela Europak, bere 2030 agendarekin, nitrogeno eta karbono isurketak murrizteko abeltzaintzako ustiategiak murrizteko planak gauzatzea lortzen duena. Zer deritzozu Aian lehen sektoreak duen pisua kontuan hartuta?
JON

Egun on

Iruditzen zait, herriren batean honelakoak egiten badira, herritarrek onurak jaso behar dituztela. Nekazaritzarako balio estrategikoko lurrekin gertatzen ari dena ez zait egokia iruditzen. Lur hauek nekazaritzarako oso egokiak dira, hala daude izendatuak eta horregatik daude babestuak, lehen sektorearentzako errentagarrienak beraiek direlako. Guk Aldunditik, lur hauetan, antzeko proiektua ez egiteko txostenak egin ditugu, baina hala ere egin, egin dira.
Abeltzainak fokuaren erdian jartzea ez zait batera gustatu, Aian, Gipuzkoan eta Euskadin daukagun ustiategi eredua familia-ustiategi eredua baita, eta hauek ez dute kontaminatzen.

18. Iepa! Zergatik EAJk hamarkadetan udala kudeatuta eta zu ere partido berekoa izanda, oso gutxi edo ezer gutxi hartu die kontuan Bildu bezalako beste erakunde politiko batzuetako beste ordezkarien iritziari? nahiz eta hauek 5 zinegotzi izan, joan den legegintzaldian ia ez diete kontuan hartu beren iritzia? Jakitun al zarete jokabide horrek herria bi joera edo ideologia politikotan banatzea elikatzen duela? Batzuk irabazi dutela eta gobernatzeko eta nahi dutena egiteko eskubidea dutela pentsatzen dutenak eta beste batzuk laguntza bozkaketa haundia izan dutela eta ez zaiela entzuten. Politikariak al zarete herritarren arteko distantzia, konfrontazio edo liskarren erantzule? 'Aiako Batzarre Burujabea' batzarre edo plataforma gisa, herrian komentatzen den bezelaxe, bereizketa politikorik gabeko herritar guztien konponbidea eta batasuna izan al daiteke?
Mikel

Egun on

Ez dut horrela ikusten, aurrekontuak egiterako garaian, beti eskatu izan zaie ea proposamenen bat bazuten aurrekontuetan sartzeko eta urtean zehar egin ahal izateko. Beraien proposamenak ere sartzen ziren aurrekontuetan, zegoenean. Azken legealdian kasu, elkarlana egon dela uste dugu, bai EAJkook baita Bildukoek ere. Aurrekontuak onartzerakoak ez dute kontrako bozkarik eman, eta azken biak behintzat aho batez onartuak izan dira, hau da, guztiek onartuak. Udalbatzetan gainera, eztabaida sanoak azaldu dira eta gaiak eztabaidatu lasaitasunez eta tentsiorik gabe.

19. Atzo Aitorrek zion azken lau urte hauetan ez dezutela baserrian egoera elkarrekin landu udaletxean ....Aian baserri munduan gainbeherakoa oso nabaria da azkeneko urteetan...zuen aldetik zer egin dezue eta ze asmo daukazue gai honekin?
Aitor

Egun on
Baserri bideak hobetzen jarraitu behar dugu, zenbat baserri huts dauzkagun ikusi beharra dago eta zein aukera dauden aztertuko da. Lur alkartasuna, kooperatiba baserritarrei laguntzeko sortua izan zen. Uste dut, zuku gehiago atera diezaiokegula kooperatibari baserritarren mesedetan.

20. Egun on, Zergatik ez daude Aiako auzoak herrigunearen hiri mailan? Auzoetan bizi garenok ez dugu zergarik ordaintzen? Klase baxukoak gara? Ez al da horretarako denborarik egon EAJk Aian gobernatu duen 40 urte baino gehiago tan? Zer eskaintzen duzu honen inguruan?
Miren

Egun on

Auzo biziak nahi ditugu, guztiok gara Aiar. Auzoetan hainbat eskaera jaso ditugu egin ditugun bileretan, beraiek ikusi dituzten beharrak direnez, eskaera horiei erantzuten jarraituko dugu.

21. Orioko hilketa matxistaren ondorengo elkarretaratzean ikusi zintugun. Irudiaz harago, zein dira feminismoaren inguruan dituzuen proposamen zehatzak?
Karmen

Egun on

Poliki poliki bada ere, Aian ere hasi gara gai hauek jorratzen. Baina egun seinalatuez haratago, eta gertakari larriak salatzeaz haratago, uste dut gai hauek lantzeko gogoa eta herritarrak badaudela Aian ere. Guri etorri zaizkigu herritar batzuk gai puntualen inguruan hitz egiten, baina gustatuko litzaidake Aian ere gai hauek lantzeko talderen bat sortzea, Gazte Asanbladakoak ilusioz daude, honelako elkarretaratzeetan pertsona bertsuak ikusten ditut...
Elkartzen hastea falta dela uste dut.

22. Aian ,landaturismoak badu bere lekua, herri batzuetan arazoak sortzen hari dira apartamentu turistikoekin, gai honen aurrean zein da zuen iritzia?
Aitor

Egun on

Egia da inguruko herri batzuetan arduratuta daudela gai honekin. Guri ere etorri zitzaigun auzoetako bilera horietako batean arduratutakoren bat. Gaia aztertuko genuela adierazi nion eta begiratuko dugu.

23. ABB plataformak herriko jendearen parte-hartze jarraitua berreskuratu nahi du, lau urtean behin botoa ematea albo batera utziz, herriaren kudeaketa politikarien esku tan uzteari utziz. Egia da eta denok dakigu gero ez dutela promesak betetzen eta herriko jendeari beren eskakizun edo beharrizanei entzun ere ez. Bizitza osoan EAJren botantea izan naiz baina bizi degun sistema politiko inguruko hausnarketak, ABB plataforma alternatiba berri honengatik erabakitzera eramaten nau. Nola egingo dio aurre EAJk egoera berri honi alderdi politikoa dela eta bere egitura bertikala dela kontuan hartuta? hau da, erabakiak hartzen dituen buruzagitza batekin eta horiek betetzen dituen jendea azpian egonda ? Asko pentsatu eta gero konturatzen naizelako alderdi gisa agin dezakeela, baina ezin duela bete kudeaketa horizontal eta berdinzale baten aplikazioa herri plataforma egin dezakeen bezala. Zein da zure iritzia? Kezkatzen al zaitu herritarren botoa galtzeak? Nire uste apalean azken hau bakarrik importa zaizue herritarren inguruan, beren botoa. Nekea nabarmena da neregan.
Ander

Egun on

Ez nago ados esaten dituzun hainbat baieztapenekin. Gu ere herritarrek osatzen duten talde bat gara, herritarrez osatua, herriarentzako eta herritarrentzeko onena nahi duguna, eta horretan jardungo dugu.Eskaerak entzuten badakigu, oraingo aldian ere mordoa jaso dugu, gehienak zentzuzkoak, komunitatean pentsatuak eta egingarriak. Berauek aurrera eramateko ahaleginak egingo ditugu, herriak hala nahi badu behintzat.

24. Atzo Aitorrek zion azken lau urte hauetan ez dezutela baserrian egoera elkarrekin landu udaletxean ....Aian baserri munduan gainbeherakoa oso nabaria da azkeneko urteetan...zuen aldetik zer egin dezue eta ze asmo daukazue gai honekin?
Aitor

Egun on

Udal txiki bat izanik eta dauzkagun konpetentziak ikusita, baserritarrentzako azpiegiturak hobetzen ibili gara, baserri bideak konpontzen, fibra optikoa pasatzeko laguntzetan Aldundiarekin elkarlanean. Bide berdinean jarraitzeko asmoa daukagu, eta baita Kooperatibak eman ditzakeen aukera ezberdinak aztertzekoa ere, uste dugulako, laguntza ona eman diezaiokela elkarlanean.

25. Pandemiaren ondorioz, gehiengo zabalak jaso zuen txertoari dagokionez, eta guztion «onerako» kolaboratu genuen harira, gaur egungo gehiegizko hilkortasuna txertaketa hasi zen datarekin erlazionatzen duten datuak daude. Jendea jada ez da kontatu ziguten guztiaz fidatzen eta gehienak ikusten ari dira biziarazi ziguten guztia, nola erortzen ari den. Zer iritzi duzu gertatutako guztiari buruz? Uste duzu egungo gehiegizko hilkortasuna "datua da" txertaketarekin lotuta dagoela?Miokarditisak, perikarditisak, minbizi azeleratuak..... Zer deritzozu biztanleriak txertoei buruz duen konfiantzaren beherakada handiaz? Zer egingo zuen Aiako udalak beste pandemia bat etortzen bada eta berriro giltzapetu nahi bagaituzte? ikusita iragan honetan aipatutako adituak ez zirela existitzen, estatuak eta autonomiek hartutako neurriak, hala nola konfinatzea, maskarilak, pasaportea. .. Epaileek esan bezela, ilegalak zirela? Zer iruditzen zaizu hau guztia? Guzti hau azken legealdi honetan gertatu da. Zergatik normaltasunez ez hitz egin guzti honetaz? Politikariei Jada ez al zaie interesatzen?
Nerea

Egun on

Beste galdera batean erantzun dut.

Agurra

Arratsalde on

Eskerrik asko erakutsi duzuen interasagatik, galdera gehienak erantzuten saiatu naiz, baina bi ordutan ezin guztiei erantzun. Karkarako kideei esango diet ea nola erantzun ahal dizuedan.
Oraindik ere auzotar eta herritar ezberdinekin hitzorduak ditut eta haiengana joan beharra daukat.
Bidean elkar ikusiko garelakoan, onena opa dizuet guztioi.

ONDO SEGI ETA GORA AIA!!!


Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide