Oroitzapen onak gordeko dituzte betirako Lisboaz Arantxa Izurak (Oñati, Gipuzkoa, 1972) eta Jennifer Rodriguezek (Orio, 2002). Europako Jiu-Jitsu Txapelketan parte hartu zuten Jiu-Jitsu Zarautz Lotus Clubeko bi ordezkariek, Lisboan, eta bi lagunak domina banarekin itzuli ziren beren bizilekua den Zarautzera. Izurak urrea lortu zuen Master 5 mailan, eta Rodriguezek brontzea, helduen mailan.
Europa mailako domina bat eskuratu duzue; ez duzue edonolako balentria egin. Zer esan nahi du zuentzat domina lortzeak?
Jennifer Rodriguez: Europako Txapelketa batean parte hartzen dugun aurreneko aldia da. Esperientzia berria izan da guretzat, beste maila bateko edota beste liga batzuetan aritzen diren aurkarien kontra jokatzeko aukera izan genuen eta. Oso ondo prestatutako kirolariekin egin genuen topo, maila handikoekin.
Arantxa Izura: Nik ez nuen lehiatzen hasteko asmorik, nire adinean ez baitago lehiatzen den jende asko. Dena den, Lukasek [Lukasmar Bandeira, entrenatzailea] eta taldekideek animatuta joan nintzen Lisboara; erronka pertsonal gisa hartu nuen txapelketa. Halako kiroldegi handia ikusteak, horrenbeste tatamirekin... inpresioa sortzen zuen. Txapelketa batean parte hartzen nuen nire aurreneko aldia zen, eta une hartan neu ere ez nintzen kontziente nora joan nintzen.
Nola joan zen txapelketa? Nolako esperientzia izan zen?
J.R.: Leku askotako jendearekin egin genuen topo, tartean jiu-jitsu munduan famatuak direnekin. Ordea, nabarmenduko nuke han topatu genuen giro familiarra. Jendea gugana hurbildu eta laguntzen saiatzen zen. Pentsa, beste eskola bateko entrenatzaileen gonbidapenak ere jaso genituen beren eskolara tartean behin entrenatzera joateko... Tatami barruan lehiakide garen arren, handik kanpo lagun ere badira aurkariak.
A.I.: Familiarteko mundua da jiu-jitsukoa. Gure aurka lehiatzen direnekin-eta telefono zenbakiak elkarbanatzen ditugu; lehiatzen dugu, bai, baina laguntasunaren barruan. Umiltasun handiko kirola da jiu-jitsua.
Domina irabaztea espero zenuten, ala uste baino lehenago iritsi zaizue saria?
J.R.: Nik bost hilabete baino ez daramatzat jiu-jitsuan, eta horietatik lau lehian. Hasi eta hilabetera ekin nion inguruko txapelketetan borrokatzeari. Horregatik, probatzera joan nintzen Europako Txapelketara. Entrenatzailea eta Arantxa bazijoaztela eta, animatu egin nintzen neu ere. Pentsatu nuen ondo legokeela urtean behin halako esperientzia desberdin bat bizitzea, halako txapelketa handi eta ofizial bateko partaide izatea; ezer ez irabazi arren, ikasteko helburuarekin joan nintzen. Jiu-jitsua praktikatzen ni baino denbora gehiago daraman jendearekin egin nuen borroka, eta ondo atera zen guztia. Orain, oso pozik nago, askoz ere gogo handiagoa dut jiu-jitsuan gehiago sakontzeko.
A.I.: Nik ez nuen espero halakorik. Ordea, domina hauek irabazita, kontu batekin ohartu gara: Lukasek oso ondo entrenatzen gaituela. Guk baino maila handiagoa zuten aurkarien kontra aritu behar izan genuen biok, eta irabazi egin genien haiei. Zarauzko gimnasioan egiten dugun lana aparta da, Lukasek beti bultzatzen gaitu-eta hobetzera. Txapelketa batera joaten zarenean, irabaztera joaten zara, eta orain konturatu gara horretarako gai ere bagarela.
Borrokaldietarako plana prestatuta izaten duzue zuek aurrez, ezta? Ideia argiekin jotzen duzue lehiara.
A.I.: Lukasek borrokaldirako plan bat jartzen digu aurrez, bai; alegia, tatami gainean gauzatu beharreko planteamendua prestatzen dugu txapelketen aurreko asteetan. Berdin izaten digu aurrean dugun aurkaria zein den; landutakoa egitera joaten gara beti.
J.R.: Nolanahi ere, ariketa ez da beti nahi bezala ateratzen, eta halakoetarako, aukera desberdinak izaten ditugu planari txertatzeko, alternatiba gisa; izan ere, inoiz ezin da jakin aurkariak nondik joko duen.
A.I.: Lukas beti egoten da kanpotik laguntzen; bere figura oso garrantzitsua da guretzat. Guk aurkariari tatami barrutik ikusten ez diogun jokaldia ikusten du Lukasek kanpotik; abisatzen joaten zaigu entrenatzailea, eta hori zinez garrantzitsua da guretzat.
Kirol asko arlo fisikora daude bideratuta, baina jiu-jitsuan arlo psikologikoa ere ezinbestekoa da. Nola lantzen duzue zuek arlo hori?
A.I.: Entrenatzerakoan, batzuetan, teknikak lantzen ditugu, baina, beste batzuetan, borroka egiten dugu. Lukasek beti esaten digu borrokaldietan ez saiatzeko ahalik eta azkarren amaitzen. Jiu-jitsua xakearen arte gizatiarra dela esan izan da, eta borrokaldian zehar ariketa desberdinak egitera hauspotzen gaitu entrenatzaileak.
J.R.: Niretzat garrantzitsuena da norbere buruan konfiantza izatea. Entrenatzaileak esaten digu oso jende ona dagoela jiu-jitsuan, oso ondo borrokatzen nahiz entrenatzen duena, edota teknikak ezin hobeto menperatzen dituena. Gero, ordea, asko ez dira ausartzen borrokaldietan duten guztia erakustera; jendeari kostatu egiten zaio beldurra galtzea.
Brazilian jiu-jitsuan diharduzue zuek. Nola batu zineten kirol honetara?
J.R.: Arraun mundutik nator ni; 12 urte nituenean-edo hasi nintzen, eta zortzi urtez ibili nintzen lehian. Gero, gimnasiora joaten hasi nintzen, baina lehiatzea sumatzen nuen faltan. Zerbait egin nahi nuen, nonbaiten sartu lehiatzeko. Nire bikotekidea beste borroka kirol bateko entrenatzailea da, eta harekin hasi nintzen aurrena. Ordea, gero Lotus Clubera batu nintzen, eta garbi esan nion Lukasi: nik lehiatu egin nahi dut. Horretara ohituta nago, gustatu egiten zait; ez beste baten neurrian jartzeko, baizik eta neure buruarengan konfiantza lortzeko.
A.I.: Ni korrikalaria nintzen lehen, baita mendizalea ere. Maratoi erdiak-eta egiten nituen, eta, era berean, boleibolean eta atletismoko krosetan lehiatzen nuen. Bizitza guztia daramat kirola egiten. Jiu-jitsua, berriz, nire bikotekideari esker ezagutu nuen. Iaz egin nuen proba aurrenekoz, eta apirilean hasi nintzen serio. Nire asmoa ez zen lehiatzea, autodefentsan trebatzea baizik.
Matematika moduko zerbait zela ohartu nintzen segituan: jiu-jitsuan pentsatu egin behar da, mugimenduak ikasi, defendatu… Ezin dira pentsatu gabeko mugimenduak egin. Badu beste kirolek ez duten xarma bat, kirola egiteko beste modu bat baita. Burua asko erabili behar da, eta horrek laguntzen du kontzentratzen eta bestelako gauzetatik deskonektatzen.
Kirolaz harago, zer erakutsi dizue jiu-jitsuak?
A.I.:Talde lanean sinesten erakutsi dit niri jiu-jitsuak. Nahiz eta borrokaldietan bakarrik aritu, niretzat ezinbestekoa da taldeko lana. Lortu dudan domina ez da nirea bakarrik, talde osoarena da; izan ere, Lukasi eta taldekideei esker ikasi dut tatami gainean gauzak egiten. Entrenamenduak beti elkarrekin egin ditugu, beti azaldu dira gainerakoak niri laguntzeko prest. Askotan, lehiari begira dagoena bere entrenamenduetan zentratzen da, baina gure kasuan taldekideari laguntzeko prest egoten gara beti, beraiek gauzatu nahi duten plana lantzeko kide har gaitzaten.
Txapelketa honen ondoren, presio gehiago ala motibazio handiagoa sentitzen duzue orain?
A.I.: Ez dut presioan gehiegi pentsatu. Badut motibazioa, baina, beharbada, presioa ere sortuko zaigu, Europako domina lortuta, jendea adi egongo da eta, akaso, gure hurrengo emaitzei. Ez dut horretan pentsatzerik nahi; galtzen badut, galdu eta kito. Prozesua ikasketa bat izatea nahi dut.
J.R.: Joan den igandean beste txapelketa batean parte hartu nuen, Bilbon. Bilbora iritsi nintzenean denak ni zoriontzen hasi ziren; denek zekiten Europako domina lortu nuela. Handik gutxira, hango entrenatzaileak bere ikasleekin borrokaldi bat izatera animatu ninduen; entrenatzaile hark nahi zuen ni bere taldekoekin neurtzea. Sentsazio oso arraroa izan zen.
Zein dira zuen hurrengo helburuak?
J.R.: Entrenatzen eta ikasten jarraitu nahi dut, baita lehiatzen ere. Era berean, inguruko lehia txikiei eutsi nahi diet. Europa mailako txapelketa batean domina lortu dudalako, ezin zaie inguruko txapelketa txikiei balioa kendu. Hitzordu horietan entrenatzen eta ikasten da gehienbat.
A.I.: Ni Master 5 mailako borrokalaria naiz. Ez daukat aukera gehiegi lehiatzeko; soilik nazioarteko, Europako edo master mailako txapelketetan parte har dezaket. Hori hala, eta okerrik ezean, apirilaren amaieran Bartzelonan jokatuko den Nazioarteko Jiu-Jitsu Txapelketara joango naiz. Beste esperientzia bat bizitzeko asmoz joko dut hara.