Zarauzko Itxaropena inprimategiak apirilaren hasieran itxi zituen ateak, merkatuaren egoerak hala behartuta, 93 urteko ibilbide oparoa egin ondoren. Euskal literaturaren erresistentzia izan zen frankismoan, eta Pello Unzurrunzaga editore eta inprimatzaile euskaltzaleari zor zaio sasoi hartan eginiko lan eskerga. Aipamen berezia merezi dute argitaletxe bezala argitara emandako hainbat liburuk, baina, batez ere, Kuliska Sorta euskarazko lehen literatur bildumak.
Gerraostean, euskaraz argitaratzea pentsaezina bazen ere, pasarte batek goitik behera aldatu zuen historia. Espainiako Prentsa eta Propaganda zuzendari Pedro Rocamorak Zarautzen igarotzen zituen udak, eta 1947ko Euskal Jai Egunean, Unzurrunzagak harengana jo zuen, Jose Artetxe lagunarekin batera. Lan erlijioso eta folkloriko batzuk euskaraz argitaratu nahi zituztela komentatu zioten, eta horretarako lizentzia eskatu. Rocamorak eskaera onartu zuen, eta horrela argitaratu zituzten Salbatore Mitxelenaren Arantzazu, euskal poema (1949), Gregorio Mujikaren Pernando amezketarra (1949) eta Orixeren Euskaldunak (1950).
Liburu horiek ireki zizkioten ateak Itxaropenaren euskarazko edizioari, eta haien atzetik etorri zen Kuliska Sorta. Bildumako lehen liburua 1952an argitaratu zuten, Jon Stefan Svenssonen Noni eta mani lanaren itzulpena izan zen; eta sortako azkena 1973an kaleratu zuten, Antonio Maria Labaienen Teatrogintza eta jakintza lana. Hogei urtean 55 liburuz osatutako bilduma ondu zuten, bi ildo nagusirekin: gerraurreko egileen lanak argitaratzea eta belaunaldi berriko idazleei bide ematea. Kuliska Sortan topa daitezke, adibidez, Txomin Agirreren Kresala, Salbatore Mitxelenaren Elezaharrak eta Arraun ta amets, Julene Azpeitiaren Amandriaren altzoan, Juan Antonio Mogelen Peru Abarka, Jon Etxaideren Joanak joan, Xabier Lizardiren Bihotz begietan eta Gabriel Arestiren Harri eta herri.
Frankismoaren azken urteetan, argitaletxe berriak zabaltzen hasi ziren –Lur eta Etor, aurrena, eta Elkar eta Erein, ondoren–, eta horiek martxan jarri zituztela ikusita, Itxaropenak edizio lana albo batera utzi zuen eta soilik inprimategia izatera pasatu zen. Horretan jardun du azken mende erdian, besteak beste, euskal argitaletxeentzat lanean.
Aldizkarien abangoardia
Kulturaren eta literaturaren munduan eragile batzuk nabarmentzen hasi ziren, euskararen barruan abangoardia sortzeko asmoz. Hala, literatur aldizkariak sortu ziren, gerora idazle garrantzitsuak izango zirenen ekimenez. 1975eko urtarrilean, Koldo Izagirrek eta Bernardo Atxagak Panpina ustela literatur fanzinea plazaratu zuten Donostian. Urtebetera, Zorion ustela eta Mermelada ustela kaleratu zituzten; horien atzean jada Atxaga ez zegoen, baina bai Ramon Saizarbitoria.
Atxaga, Joseba Sarrionandiarekin, Ruper Ordorikarekin, Joxemari Iturralderekin eta beste batzuekin, Pott Bandan (1978-1980) murgildu zen, eta Izagirrek eta Saizarbitoriak Oh! Euzkadi (1978-1983) sortu zuten. 1979ko abenduan, berriz, Susa aldizkariaren lehen zenbakia kaleratu zuten; urte batzuk geroago argitaletxe bihurtuko zen.