"Eguzkiak urtzen du goian /gailurretako elurra / uharka da jausten ibarrera / geldigaitza den oldarra". Franco hil ondoren, apurka-apurka aldaketak ematen hasi ziren gizartean, eta eraldatzen ari zen giro horren aurrean, bizirik irauteko borrokan ari ziren herri txikientzako abestia sortu zuen Mikel Laboak, Martxa baten lehen notak izenburupean. Euskararen eta euskal kulturaren erresistentzian, errekuperazioan eta transmisioan aritu zen mugimendu baten soinu banda bailitzan hartu zuten. Mugimendu hori Euskal Kantagintza Berria zen, eta erreferente garrantzitsuena Ez Dok Amairu taldea izan zen.
"Mixel Labegerie izan zen lehendabiziko adreilua jarri zuena Euskal Kantagintza Berria deitzen zaion horretan. Aurretik ere Soroak taldea bazebilen Bilbo aldean, edo Kontrapuntoak, Azkoitian... Bazeuden beste apustu batzuk egiten zituztenak ere; agian, kanpotik zetozen generoen itzulpena egiten zutenak edo ye-ye deitzen zitzaion horretatik gertuago zeudenak", adierazi du Mikel Markez musikariak. Horiek Nemesio Etxaniz apaiz azkoitiarraren eskola jarraitu zuten; izan ere, Kanta-kantari kantu bilduma kaleratu zuen 1951n, zenbait tango, runba, pasodoble eta modako beste doinu batzuk moldatuz eta euskaratuz. Hasierako eragile haiei Ez Dok Amairu osatuko zuten kideek hartuko zieten lekukoa, eta horiek bestelako "karga ideologiko bat" zekarten.
Esklusiba gozoak
Loiola irratia euskarazko uhinen aitzindari izateaz gain, euskal kulturaren bozgorailu eta erakusleiho izan zen frankismoaren garai bortitzetan. Joxemari Iriondo kazetari azpeitiarrak gogora ekarri duenez, larunbat gauetan, bertso saioa izaten zuten irratian, eta ondoren, ipuin bat antzezten zuten, baina hasieran "gutxi ezagutua zen abesti bat" jartzen zuten momentuko harmonizazioarekin. 1964tik aurrera, Lourdes Iriondo, Julen Lekuona, Benito Lertxundi, Mikel Laboa eta abar aritu ziren kantuan. "Benito Lertxundik lauzpabost abesti prestatzen zituenean, deitu egiten zidan eta grabatu egiten genituen irratian. Esklusiba horiek mokadu gozoak izaten ziren niretzat, eta beraietzat ere aukera ona zen ezagutzera emateko".
Guztira, garai hartan grabatutako 57 musikariren fitxak dauzka jasota Iriondok. "Haien abestiak mauka ziren gure entzuleentzat, zoramen hutsa". Hala ere, haien hitzak Informacion y Turismoko delegaziora bidali behar izaten zituzten –oro har, irratsaio bakoitzaren gidoia, bertsoetako eta ipuinetako gaiak barne–, zentsuraren oniritzia pasatzera, eta askotan haien itzulpenak egiterakoan komeriak izaten zituzten.

"Probintzian egoteak bazituen bere abantailak", gaineratu du kazetariak: "Gidoiak La Guipuzcoana autobusean bidaltzen genituen, eta han radiable edo no radiable zigilua jartzen zioten, baina bueltan etortzerako, jada emitituta izaten genituen. Tranpa horretaz baliatu ginen denbora batez. Ondoren, ordea, programa osorik grabatuta helarazi behar izaten zen zinta batean, eta orduan harrapatzen gintuzten".
Loratze garaia
Ez Dok Amairuk hiru ildo nagusi markatu zituen: batetik, izugarrizko lana egin zuten tradizioa berreskuratzen, kantu zaharrak errekuperatzen eta txalaparta bezalako instrumentu zaharrak lozorrotik ateratzen; bestetik, poeta garaikideen idatziak musikatu zituzten, hala nola Joxean Artzerenak, Joxe Anjel Irigarairenak eta Julen Lekuonarenak; eta, azkenik, esperimentazioari bide eman zioten, abangoardiari ateak zabalduz, eta, nolabait ere, Mikel Laboa izan zen alor hori muturreraino eraman zuena, besteak beste, Baga-Biga-Higa eta Ikimilikiliklik sentikariekin.
"Talde honekin loratze bat etorri zen, frankismo garaian zegoen zentsurarekin borrokatu zuena. Nolabaiteko berpizkunde kulturala izan zen", nabarmendu du Markezek. Baina ez zen Euskal Herrian bakarrik jazo. Katalunian jada abian ziren Nova Canço deritzana eta Els Setze Jutges taldea, eta, oro har, mundu osoan zabaltzen ari zen fenomenoa: Frantzian, Argentinan, Kuban, baita AEBetan ere, Bob Dylan eta Joan Baez bezalako artistekin.
"Bazegoen halako gosea eta egarria, segur aski hainbeste urtetako iluntasunaren eraginez, eta hauek asmatu zuten kanpotik zetozen korronte berri horiek gurera ekarri eta euskaraz egiten", aditzera eman du musikariak. "Oso prest zegoen gizarte bat topatu zuten, haiek proposatzen zuten hori hartzeko. Horregatik izan zuen horrenbesteko garrantzia, baina ez hasieran; askoz ere masiboagoak izango ziren Franco hil osteko kontzertu eta jaialdi handiak".
Herri Gogoa
Belter eta Cinsa diskoetxeekin argitaratu zituzten beren lanak Benito Lertxundi eta Lourdes Iriondo hasiberriek, baina Ez Dok Amairu sortzeko garaian diskoetxe baten beharra ikusi zuen taldeak. Hala, Pako Miangolarra mezenasaren laguntzarekin, Iñaki Beobide zumaiarrak Herri Gogoa diskoetxea eratu zuen, Axen Egaña emaztearekin batera. Diskoetxe horrek benetako iraultza eragin zuen euskal kulturan, harekin argitaratu baitziren Euskal Kantagintza Berriaren klasikorik handienak, 1967tik 1981era.
Donostiako Gros auzoan ireki zuten grabazio estudio erdi klandestino ezaguna. Hala ere, lehen diskoak egiteko behin-behineko estudio bat apailatu zuten Urnietan (Gipuzkoa), Salestarren ikastetxeko antzokian; Bartzelonako Edigsa argitaletxeko ekipamendua erabili zuten horretarako. Hasierako urte haietan, gainera, Espainiako zentsurak ez zion argitaratzeko baimenik eman Herri Gogoari, eta Edigsa argitaletxearen bidez kaleratu zituen diskoak.

Ez Dok Amairuren desegiteak Herri Gogoan ere zatiketa eragin zuen, eta Jose Angel Irigarai idazleak Artezi diskoetxea sortu zuen. Ibilbide laburra izan zuen, baina zenbait disko garrantzitsu kaleratu zituen 70eko bigarren erdialdean: Lourdes Iriondoren eta Xabier Leteren lehen disko luzeak (1974) eta Benito Lertxundiren Zuberoa/Askatasunaren semeei (1977), esaterako.
Zentsurari iskin
Garaiko errealitatearen isla izan ziren sortzaile horiek, baina baliabide poetiko gehiago erabili behar izan zituzten mezuak helarazteko orduan, zentsuratzailearen figura presente zegoelako. "Zentsuratzailea instituzio bat zen", dio Markezek: "Hark erabakitzen zuen zer kanta zitekeen eta zer ez, edo zer argitara zitekeen eta zer ez. Kantari batzuei, gainera, betoa jarria zieten lurralde batzuetan. Hain instituzionala zen zentsura baten aurrean, eta hainbesteko zailtasunak dituzunean, burua erabili behar duzu, eta hori saihesteko moduak bilatu behar dituzu, irudimena landuz".
Oztopoei aurre egin beharrak "aberastasun kulturala" ekarri zuen sormen aldetik, kalitatezko ereserkiak onduz. "Egile hauek metaforak erabiltzen zituzten mezuak helarazteko, eta beti aipatzen dugun adibidea Benito Lertxundiren Loretxoa abestia da. Haur kantu bat dirudi, baina ez da umetxo bati eta loretxo bati buruz ari, baizik eta Euskal Herriari eta justiziari edo askatasunari buruz". Zentsurari iskin egiteko, ezkutuko kantaldiak ere antolatzen zituzten; adibidez, Mailulegorreta kobazuloan (Araba).
"Franco hil aurretik zentsura genuen, baita hil ondoren ere", du gogoan Iriondok. "Pierres Lartzabalek Mixel Labegerieren bi disko txikiak Irungo taberna batera ekarri zizkidan, eta haiek kolkoan sartuta eraman nituen etxera. Disko hartako Gazteri berria abestia ezin genuen jarri diktadorea bizi artean, Euskadi aipatzen zuelako. Franco hil ondoren ere, gomendatutako eta ez gomendatutako abeslarien zerrendak argitaratu zituzten. Adibidez, debekatuta zeuden Ez Dok Amairuko denak, Estitxu, Bittor Egurrola eta Maite Idirin. Kalte gehien gomendatuenei egiten zitzaien garai hartan; jendeak hori jakiten bazuen, ez zen haiengana gerturatuko".