Aian eta Orion Gau Beltza ospatzeko prest

Ian Ruiz Lizaso 2025ko urr. 31a, 11:02

Orioko Gau Beltzaren argazki bat. (Utzitakoa)

Arratsaldean hasi eta iluntzera arte, herritarrek hainbat ekintzaz gozatzeko aukera izango dute. Besteak beste, kalejira, dantzak, tailerrak eta beldurrezko ibilbideak egingo dituzte.

Aurten ere gogotsu ospatuko dute Gau Beltza Orioko eta Aiako bizilagunek. Orioko Udalak, herriko ikastetxeek eta Txurrumuski aisialdi taldeak bat egin dute antolaketa lanetan, Aian, aldiz, herriko Gurako Elkarteko kideek prestatu dute egitaraua.

Bi herrietan haurrentzako nahiz gazteentzako egitarau biribila prestatu dute Santu Guztien Egunaren bezperarako ospakizunerako.

Hona hemen herri bakoitzeko egitarauak: 

Orioko egitaraua

  • 18:00. Zomorro eta arimen herri kalejira, Baxoalden hasita. Geldialdiak egingo dituzte Andra Mariko zabalgunean eta Herriko Plazan, eta Harribil dantza taldeko dantzariek lagunduta, herritarrek aukera izango dute arin-arina eta fandangoa dantzatzeko.
  • Ondoren, HHko eta LHko ikasleentzako tailerrak izango dira plazan, ikastetxeek gidatuta.
  • 19:30. Txurrumuskik beldurrezko ibilbidea eskainiko die LH 3. mailatik hasi eta DBH 4. mailara bitarteko gaztetxoei. Ibilbidea talde txikietan egingo dute haurrek, plazatik abiatuta eta txandaka. Txandak plazan bertan antolatuko dira.

Aiako egitaraua

  • 17:00. Festen hasiera, eta jolas eremua frontoian, gaztetxoek mozorrotzeko eta aurpegiak margotzeko. Halaber, mahai bat jarriko dute norberak bere beldurrak bertan idatzi ditzan, eta argazkiak ateratzeko eremu bat egongo da.
  • Jarraian, txokolatea banatuko zaie bertaratzen direnei. 
  • 18:30. Herriko Plazan bilduko dira eta kalejira zaratatsua egingo dute. Sorpresa batekin emango diote amaiera kalejirari.
  • Ondoren, Gure Zirkurako sarreren zozketa ere egingo dute arratsaldean zehar. 
  • Gauean,  Beldurrezko Etxean sartzeko aukera izango dute herriko ausartenek. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide