Azaroak 25 ditu gaur, eta Indarkeria Matxistaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Egun seinalatua zalantzarik gabe, baita aiar eta oriotarrentzat ere. Eguraldi makurrari aurre eginez, bi herrietan asko izan dira kalera irten diren herritarrak, eta aldarri morez bilduta, emakumeen aurkako mota guztietako indarkerien aurka agertu dira.
Ez bazara konponbidea arazoa zara lelopean, manifestazioa egin dute Orion Mugimendu Feministak antolatuta, eta herritar ugarik egin dute plazan hasi eta Arrantzale kaleko banku morera bitarteko ibilbidea. Leku horretan, gainera, Lourdes del Hoyo gogoratzeko minutuko isilunea egiteaz gain, gogor salatu dute "indarkeria mota asko dauden arren, erroa bakarra dela". Hori dela eta, gizonezkoei mezu zuzen bat helarazi duete: "Ardurak hartzeko garai duzue (...) Arazoa zarete eraso bat salatzen dugunean gure hitza zalantzan jartzen duzuenak. Arazoa zarete lagunartean txisteak eta komentarioak mozten ez dituzuenean. Arazoa zarete erasotzailea seinalatu bai baina zuen jokaerak errebisatzen ez dituzuenean. Arazoa zarete feministok urteetan zehar salatzen gabiltzan indarkeriaren aurrean erantzukizunik hartzen ez duzuenean".
Gainera, gehitu dutenez, sistema heteropatriarkal, kapitalista, kolonial eta kapazitistak forma berriak hartzen ditu bizirauten jarraitzeko: "Sexu erasoen gorakada kezkagarria, indarkeria ekonomikoa, mugak eta irregularizazio egoerak, gorroto diskurtsoen gorakada, estigma soziala, indarkeria matxista kasuen trataera bortitza komunikabideetan, zaintzen banaketa desorekatua, sare sozialetako misoginia eta jazarpen anomioa... Ez dira kasu isolatuak, eta emakumeen osasun fisikoan eta psikologikoan ondorio larriak dituen indarkeria sistemikoaren parte dira".
Aian ere, jarrera berbera
Herri txikia izanda ere, jarrera irmoa eta bateratua erakutsi dute gaurkoan aiarrek ere. 18:30ean hasi dute giza katea zapi moreekin Etxetxo paretik, eta denak batera joan dira udaletxe parera, bertan elkarretaratzea egiteko. Leku horretan, ke morea ere zabaldu dute, emakumeen aurkako indarkeriaren aurkako aldarri gisa. Guztira, 100 lagun inguru elkartu dira.