Agur esan dute Ostolaza eta Izeta maisuek, harrobiko harri jasotzaileen babesean

Maialen Etxaniz 2024ko ira. 29a, 20:57

Harri-jasotzearen bi maisuek plazak utzi dituzte Aizarnazabalen, San Miel Egunez. Jendez bete dute plaza, eta ondoan izan dituzte belaunaldi zahar eta berrietako kideak. Omenaldian izan dira, besteak beste, Iñaki Perurena, Goenatxo II.a eta Ostolaza eta Izeta eskolako dozenaka gazte. 100 kiloko zilindro kopa aukeratu dute agurrerako, eta guztira 101 jasoaldi eman dizkiote bien artean.  Xiete harria ere plazaratu dute.

Plazak utzi dituzte harri jasotzearen munduko bi maisuk. Aizarnazabalen esan dute agur Joseba Ostolaza eta Jexus Mari Iruretagoiena Izeta III.ak, belaunaldi gazteetako hamarnaka lagunez inguratuta, eta harri jasotze munduan bidea ondo urratua dutenen babesean.

San Miel eguna aukeratu dute azken balentria egiteko. Hain zuzen, 100 kiloko zilindro kopa aukeratu dute agurrerako, eta guztira 101 jasoaldi eman dizkiote bien artean. Ez da edonolako zenbakia izan. Harri jasotzaile bakoitzak duen adina izan da bakoitzak egin duen zenbatekoa: Izetak III.ak 51 altxaldi eta Ostolazak 50. Adinak haien ahala baldintzatu ez duela erakutsi dute gaur, jendez betetako plazan. 

Aurrez, askotariko erakustaldiak eskaini dituzte Izeta eta Ostolaza eskoletako gazteek, baita esperientziadun lagunek ere. Ekitaldian izan da, esaterako, Aimar Irigoien. 

Bi harri jasotzaile. Bi eskola. Baina biek dute harri jasotzearen harrobia altzoan. Horren erakusgarri izan da gaurko ekitaldia. Hura amaitzean, askotariko oroigarriak eman dizkiete bi maisuei, eta bertsoak ere abestu dizkiete, ikasleek, lagunek nahiz Aizarnazabalgo Udaleko ordezkariek. Oroigarriak ematera bertaratu dira, halaber, Iñaki Perurena eta Goenatxo II.a. Horiek ere bidea ondo urratutakoak. Unax Iruretagoienak lehen aldiz 100 kiloko jarria jaso zuen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide