Trenak 15 minutuan behin zirkulatzea ahalbidetuko duten lanak esleitu ditu ETSk

Juan Luis Romatet 2024ko ira. 6a, 09:00

Trena Aginaga parean. (Euskal Trenbide Sarea)

Orio eta Usurbil artean, Aginagan, trenbide-saihesbidea egingo dute. Lanak 30,6 milioi eurotan esleitu berri ditu Euskal Trenbide Sareak (ETS) Construcciones Moyua, Jaizubia eta Geotúnel enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteari.

Aginaga parean, Orio eta Usubilgo tren geltokien artean, trenbide-saihesbide bat egiteko lanak esleitu berri ditu Euskal Trenbide Sareak. Trenbide bikoitzean, 1.329 metro luze izango den tunel bat eraikiko dute, gaur egungo ibilbidea laburtuz. Era horretan, Donostia eta Zumaia arteko maiztasuna handituko dela aurreikusten du enpresa publikoak. 

ETSren arabera, lan hauen bidez Aia-Orio eta Usurbil arteko bidaia bi minutuan murriztuko da. Izan ere, gaur egun bederatzi minutu behar dira bi geltokien arteko bidaia egiteko. ETSk ohar bidez azaldu duen bezala, "trazadura trenbide bakarrean doa, Oria ibaiaren paraleloan. Puntu horretan meandro bat egiten du, eta, beraz, bihurria da, erradio txikiko kurbak eta kontrakurbak ditu. Gaur egun trenek Aginaga mendia inguratzen dute".

Bidaia laburtzeko, 1.329 metroko luzera izango duen tunel bat zulatuko dute. "Bi muturretan tunel faltsuko egiturak proiektatu dira, obra ingurunean integratzeko. Bilbo aldean 24 metroko luzera izango duen soluzioa diseinatu da, eta beste aldean, Donostiakoan, 30 metro izango ditu. Tunelak 371 metro luzeko larrialdietarako galeria bat ere izango du".

Trenbidearen trazadura berriari esker, ibilbidea 1.500 metroan murriztuko dela ere adierazi du ETSk. "Tunel osoan trenbidea bikoiztuko denez, bidaiarien eta salgaien unitateak gurutzatu ahal izango dira. Baldintza horiekin, trenbidearen zerbitzu-ahalmena handitu egingo da, eta, beraz, gaur egun 30 minuturo zirkulatzen duten ibilgailuek 15 minuturo zirkulatu ahal izango dute".

Lanak 30,6 milioi eurotan esleitu dizkio Euskal Trenbide Sareak Construcciones Moyua, Jaizubia eta Geotúnel enpresek osatutako Aldi Baterako Enpresa Elkarteari. Trenbide-saihesbidea egiteko lanek 40 hilabete egikaritze epea izango dutela ere azaldu du enpresa publikoak. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide