Haur babesgabeentzako harrera familia espezializatu gehiago lortu nahi ditu aldundiak

Mailo Oiarzabal 2023ko uzt. 26a, 17:21

(Argazkia: Pixabay)

Era horretako 22 harrera familia daude egun Gipuzkoan, eta bi urteren buruan 35era iristea nahi du erakundeak. Horretarako, familia berriak "informatzeko, erakartzeko, hautatzeko eta prestatzeko" kontratu berria onartu du Foru Aldundiaren Gobernu Kontseiluak.

Babesgabetasun egoeran dauden haurrentzako harrera familia espezializatuen egungo kopurua areagotzea nahi du Gipuzkoako Foru Aldundiak, eta horretarako, Zaintza eta Gizarte Politiketako departamentuari laguntza teknikoa emateko zerbitzua kontratatzeko espedientea onartu du erakundearen Gobernu Kontseiluak. 4.277.852 euroko aurrekontua eta gehienez bi urteko iraupena izango duen kontratu horren bidez, adin txikikoei harrera egiteko familia espezializatuak "informatzeko, erakartzeko, hautatzeko eta prestatzeko" zein jarraipen teknikoa egiteko zerbitzua indartuko du aldundiak.

Haur babesgabeentzako harrera espezializatuaren programa "aitzindariak" %59ko hazkundea izatea da Foru Aldundiak lortu nahi duena. Erakundeak emandako datuen arabera, gaur egun Gipuzkoan 353 haur eta gazte bizi dira harrera familietan, eta horietatik 23 adin txikiko 22 familia espezializatutan daude. Kontratu berriarekin zerbitzua indartuta, bi urteren buruan harrera espezializatuko 35 familia izatea nahi du aldundiak. "Duela urte batzuetatik hona, aldundiak harrera espezializatuan jarri du arreta; izan ere, badira premia bereziak dituzten haurrak, profil berezituko familiak behar dituztenak", azaldu du erakundeak zerbitzua indartzearen eta familia berrien beharraren arrazoia.

Harrera familia espezializatu izateko, familiako kide batek, "gutxienez", gizarte edo osasun arloetan "kualifikazio, esperientzia eta prestakuntza espezifikoa" izan behar ditu, "gehien behar duten adingabeei arreta emateko eta haiekin esku hartzeko plan bat garatu ahal izateko". Aldundiak bestelako harrera familiak eta boluntarioak ere behar dituela adierazi du, baina "arreta berezia" jarri nahi du harrera familia espezializatuengan.

Harrera familia espezializatuen gaineko informazio gehiago nahi duenak, aldundiaren gipuzkoa.eus webgunean, familiaharrera@gipuzkoa.eus helbide elektronikora idatzita edota 943-11 25 22 telefonora deituta lor dezake.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide