Buru eritasunak

Nahasmendu bipolarra, bi esperientzia

Mireia Galarza Bastida 2023ko urt. 13a, 11:00

Hainbat buru eritasun daude, tartean nahasmendu bipolarra. Askok bizi dute gaixotasun hori, tartean, Luisa Etxeberria zumaiarrak eta Nerea Astigarraga Azpeitiko bizilagunak. Diagnostikoa jaso zutenetik urte batzuk pasatu ondoren, biek azaldu dute gaixotasunarekin bizitzen ikasi dutela.

Ohikoa da bizitzan zehar gorabeherak edukitzea. Nahasmendu bipolarrarekin, ordea, muturrekoak dira jarrerak. Munduko Osasun Erakundearen arabera, gaixotasun hori duten herritarrek bi jarrera mota bizi ditzakete: fase maniakoa eta fase depresiboa. Lehenengoan, aktibitate maila oso altua da, eta oso pozik senti daitezke, adore neurrigabearekin. Bigarren fasean, aldiz, kontrakoa gertatzen da, oso triste senti daitezke, eta ezer gutxi egiteko kemena izaten dute. Bada tarteko fase bat ere, hipomaniakoa deitzen zaiona, fase maniakotik gertuago dagoena, baina ez duena eguneroko bizitzan hainbeste eragiten.

Jatorri desberdina izan dezake eritasunak. Herentziazko gaixotasun bat izan daiteke, baina baita garunaren estrukturaren araberakoa ere. Osakidetzako datuen arabera, diagnostikatutako kasuen erdiak 18 urte bete aurretik hautematen dira, baina helduei ere eragiten die. Hain zuzen, euskal gizarteko biztanleen %2ri helduaroan diagnostikatzen diete buru gaixotasun hori.

Nahasmendu bipolarra gaixotasun kronikoa da, baina tratatu daiteke. Medikazioa erabiltzen dute askok, baina lagungarria da psikoterapia ere. Beste tratamendu batzuen artean daude elektrokonbultsiboa, garunaren estimulazioa oinarritzat duena, edo argiaren terapia. Azken hori urtaroko asaldura afektiborako ebidentzian oinarritzen da. Nahasmendu bipolarra duten pertsona askok okerrera egiten dute depresioarekin neguan. Horregatik, argi terapia depresio bipolarraren urte sasoiko okertze modu txikiagoak tratatzeko ere erabil daiteke.

Teoriak teoria, nahasmendu bipolarra duten bi emakume dira Nerea Astigarraga eta Luisa Etxeberria. Azpeitiko bizilaguna eta psikologoa lehenengoa, eta zumaiarra eta erizaina bigarrena. Gaixotasunarekin bizitzen ikasi dute biek, bakoitzak bere modura. 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide