IOT-aren inguruko jardunaldia antolatu du UKUEk enpresei zuzendua

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko urr. 18a, 15:44

Berritze prozesua eta makinen arteko konektibitatea oinarri dituen bi orduko online jardunaldia urriaren 25ean izango da, eta Oteiza Lizeo Politeknikoak eskainiko du.

Urola Kostako Udal Elkarteak online jardunaldia antolatu du hilaren 25erako, IOT-ak (gauzen internetak) eskaintzen dituen aukerak enpresa ertain eta txikiei jakinarazteko. IOT-a gauzen interneta da, egunerokoan erabiltzen diren objektuek internetaren edo beste komunikazio sareen bidez elkar komunikatzeko eta elkar eragiteko duten gaitasuna, alegia. UKUEtik azaldu dutenez, gaur egun, "makina-erreminta eta produktuak elkar komunikatuta egon ohi dira, eta horrek produkzioaren monitorizazio prozesua ahalbidetu du". Hain zuzen ere, berritze prozesuari eta makinen arteko konektibitateari lotuta antolatu dute bi orduko online jardunaldia. Oteiza Lizeo Politeknikoak eskainiko du saioa, eta 09:30etik 11:30era izango da.

Jardunaldian parte hartu nahi duten enpresek enpresa@urolakosta.eus helbidera idatzi behar dute, edo 943-89 08 08 telefono zenbakira hots egin, Aintzane Ruesgasegatik galdetuz.

Jardunaldia Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Urola Kostako Udal Elkartearen arteko hitzarmenaren baitan antolatu dute, eta doakoa izango da eskualdeko enpresentzat.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide