Sigur Ros - Njósnavélin
Islandiako talde honek egiten duen musika guztiz magikoa iruditzen zait, barruan dagoen egiarik onenari indarra ematen dion horietakoa. Abesti hau jasotzen duen albumaren izena () da eta nire diskorik maiteena da. Goxotasun berezi bat badu kantu honek… Oso gutxitan entzuten dut kantu hau, sortzen didan zirrara egiten jarrai dezan.
2. - Explosions In The Sky - The Only Moment We Were Alone
Austin, Texaseko talde instrumental honek eragin zuzena izan zuen Giranice-n hasieran eta sorkuntzan. Kantu honek sorrarazten dit zerbait gainditzearen emozioa; beldur bat, egia ez dela konturatu naizen sinismen bat, erronka bat. Izena ere, sekulakoa da; joko asko ematen dit nire inguruak zenbat laguntzen didan gogorarazteko, eta baita nire gisara lortu dezakedan edo izan ditzakedan esperientzietan sinisteko ere.
3. Benito Lertxundi – Itzaltzuko Bardoa
Entzun ahal ditudan album guztiak entzunda ere, Benitoren kantu hau beti iruditu zait sekulakoa. Oso ondo egina dago eta maisuki lortzen du bi gitarrak estereoan duten erritmoak ahotsarekin bat egitea. Bere ahotsa ere bikaina da abesti honetan, eta hasiera eta amaierako ahotsek misterio ederra ematen diote. Zenbat gustatzen zaidan kanta hau!
4. Ludovico Einaudi – Numbers
Italiako pianista eta konposatzaile honen kantu bakar bat aukeratzea ez da erraza izan, baina lan hau entzuten ari nintzen batean, bizitzako erabaki garrantzitsuenetakoa bat hartu nuen, eta horregatik eskerrak eman beharrean nago. Kantu hau geldo hasten da, eseri eta pentsamenduekin eta sentsazioekin bat egitera gonbidatuz. Gero, berriz, hazi egiten da, momentu berezi batean amaituz.
5. Wim Mertens – Struggle For Pleasure
Belgikako piano-jotzaile eta konposatzaile honek sekulako kreatibitatea du, eta kantu ezberdin asko egin dituen arren, abesti hau beti izango dut oso kuttuna. Izena bera ere ederra du, eta kantuaren atzean dagoen ideiaz pistaren bat ere ematen digu. Bi gauza ditut oso gustuko kasu honetan: errepikatzen diren patroiak (blokeak), eta galdera-erantzunak. Erritmo honek dantzan jarri nau behin baino gehiagotan.