Oriotarrek Xuai gainean hartuko diete lekukoa zarauztarrei, eta Orain plataforma izango da aurreneko eragilea. Herrira Kalakari ondotik sartuko da Korrika, ibilgailuek egiten duten bide bera eginez. Moila pasatu, eta Xixario paretik Eusko Gudari kalera hartuko dute. Herrigunetik errepide nagusira itzuliko dira, Anibarko Porturantz joateko, eta handik Usurbil aldera.
Korrikak herritik irtendakoan, parte hartzaileek txokolate beroa hartzeko aukera izango dute herriko plazan.
Usurbildik Tolosaldera joango da Korrika, eta ostiraleko eguerdi partean itzuliko da berriro eskualdera; Bidaniatik sartuko da Errezilera, 12:23an. Gero, Azpeitia eta Azkoitia zapaldu ostean, Urretxurako bidea hartuko du Korrikak.
Korrika eskualdera iristen denean, zuzenean jarraitu ahal izango da UKTko tokiko webgune guztietan –Baleike, Karkara, Maxixatzen, Uztarria eta Zarauzko Hitza– Urola Kostako Hitzan eta Erlo Telebistan. Korrika Urola Kostara iritsi baino ordu batzuk lehenagotik izango da ikusgai Korrikaren zuzeneko bideoa, 20:00etatik aurrera.