Itsas Kirol Poloaren barruan, Urola Kostako Udal Elkarteak kirol esparruko berariazko kalitate zigilua zabalduko du eskualdeko enpresen artean. Urola Kostak itsasoarekin duen harreman estua oinarri izanda, itsasoa, itsas-kirola eta ekonomia urdina uztartuko ditu Itsas Kirol Poloak.
Norabide horretan abiatu da kirol alorreko eragileei bideratutako kalitate zigilua ezartzeko dinamika. Kirol esparruan diharduten enpresa, erakunde nahiz kirol instalazioentzat berariaz diseinatutako kalitate zigilua da. Urola Kostako Udal Elkarteak balioan jarri nahi du kirol sektoreko enpresen jarduna, eta zigilua eskuratzeko baliabideak eskainita, eskualdeko kirol enpresen ahalegina aitortzeko eta eskualdetik haratago enpresei ikusgarritasuna emateko erreminta eraginkorra izango dela adierazi du Udal Elkarteak.
Funtsean, itsas-kirol esparrutik abiatuta, zigilua eskuratzen duten enpresentzat kirol alorrean zerbitzuak etengabe hobetzeko konpromisoaren eta bikaintasunaren adierazle izango da kalitate zigilua.
Itsasoa abiapuntu
Itsasoarekin hartu-emanean garatutako eskualdea da gurea. Eta, hain zuzen ere, Itsas Kirol Poloak eskualdearen itsastar nortasuna du muin-muinean. Eskualdearen garapen jasangarriaren motor eta ikur izateko jaio da Itsas Kirol Poloa. Gune berritzailea izango da; eragileen arteko elkarlana eta sinergiak bultzatzeko, ezagutza sortzeko eta partekatzeko. Ikerketa, garapena eta berrikuntza sustatuko da; talentua erakarriz, ekintzailetza eta ekonomia-lehiakortasunera begirako jarduerak eraginkortasunez ustiatzeko. Nazioarteko proiekzioa eta erreferentzialtasuna jomuga eskualde mailako polo estrategiko berritzaileak.
Zenbait adibide eta kasu errealetatik abiatuta, webinar eta azalpen saioa antolatu du UKUEk, martxoaren 9an, 13:30ean, online bidez. Parte hartu nahi dutenek hemen eman beharko dute izena.