Parean eta Pareko

Anekdotikoa

Julene Frantzesena 2022ko ots. 11a, 10:00

Julene Frantzesena kazetariak eta GUKA gehigarriko Parean eta pareko atalean Leire Ventas eta Mikel Aiestarani egindako elkarrizketaren egileak idatzitako iritzi artikulua da honako hau.

11:15ean jarri genuen hitzordua Enparan kalean. Zain geunden, ni pixka bat urduri, Leire han zelako eta Mikel ez zelako ageri. Baina agertu zen; ordurako Twitter bidez abisatuta zegoen 11:30erako iritsiko zela. Aurreko egunetan bero pixka bat eman nion sentipena nuen: konfirmatzeko behin baino gehiagotan idatzi nion, eta berak ere sumatu zuen, nolabait, nire urduritasuna, gauzak azkar ixteko izaten dudan presa. “Ño, konfiantza handirik ez dizut eman, e”, esan zidan, gutxi gorabehera –ez naiz hitzez hitz gogoratzen–, barre artean, elkartu orduko.

Sartu ginen Basazabalera; bi elkarrizketatuak han sekula izan gabeak ziren. Harrituta gelditu zirela uste dut eraikinarekin. Kanpora atera ginen, Zelai Luze aldeko pasealekuaren ondoko terrazara. Hiru aulki huts, eta Julen Imaz eta Maialen Etxaniz lankideak kameren atzean. Eseri ginen, eta handik pasatzen ziren herritar gehienek begiratzen zuten, zer suman, zertan ari ote ginen jakin minez. Mikeli zerbait esateko ere aprobetxatu zuen batek edo bestek. Horixe du aurpegi ezaguna izateak.

Horiek elkarrizketaren eguneko bi anekdotatxo baino ez dira, protagonistekin zer ikusia dutenak. Hara joaterako ere izan nituen, baina, beste bi pasadizo. Goizean lagun bati antigeno testa eman nion, Azpeitiko farmazietan ez zegoelako halakorik, denak gastatuta zeudelako. Eman nion portalean testa, eta handik alde egin eta bost minuturako Whatsappa: “Positibo”. Eta lepo gaineko makina lanean: “Noiz egon nintzen azkenengoz harekin”, “orain elkarrizketa daukat; beno aire zabalean da behinipein”, “orain egon zaite, bada, hamar egun etxean”… Berdin dio zertan ari zaren, zeharka bada ere, beti agertzen da koronabirusa.

Beste anekdota bat da; ez gehiago, ez gutxiago. Aiestaranen eta Ventasen elkarrizketa idatzi eta txukuntzen ari nintzela gertatua. Behin baino gehiagotan aipatu zituzten elkarrizketan “korrespontsal” eta “bidali berezi” hitzak. Korrespontsal banekien berriemale zela euskaraz, baina bidali berezi? Zer da bidali berezi? Askotan egiten dudan gisan, Berria.eus-en begiratu nuen “bidali bezeri” sekula erabilitakoak ote ziren, eta hala bazen, aurrera; Berrian nola, GUKAn hala.

Nire harridurarako, baina, Andoni Egaña bertsolariak 2018an idatzitako Berezia artikuluarekin egin nuen topo. Garbi zioen hark: “’Bidali berezia’ esamoldea ez zait inoiz belarrietara gozo sartu. Egia da propio bidalitako berriemaile batzuk aski berezi izan daitezkeela, baina hortik guztiei hala deitzera badago tartea. Nahiago nuke ‘propio bidalitakoa’ erabiliko balute”. Tapa; adjudikatuta.

Kontua da elkarrizketa batzuek paperean gelditzen dena baino gehiago ematen dutela, eta horietako bat izan zen Basazabalekoa. Bi pertsona interesgarri, eta haien diskurtsoa ere halakoxea. Aitortuko dizuet: ez naiz kameraren aurrean elkarrizketak egiteko zalea, baina azken esperientzia anekdotikoa izan da; izan ere, sekula ez bezain lasai sentitu nintzen solasaldian. Agian, horregatik izango ditut gogoan elkarrizketaren bueltako hainbeste anekdota.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide